Duela astebete dena alde zuen Mitt Romneyk 2012ko presidentetzarako bozetan Barack Obama AEBetako presidentearen aurka lehiatuko den hautagai errepublikanoa izateko. Iowan Rick Santorumekin berdindu ostean eta New Hampshiren garaipen handia lortu eta gero, atzoko Hego Carolinako bozetan irabazi eta hautagai errepublikanoen lehia erabakitzea zen haren asmoa. Newt Gingrichek, baina, astebetean Romneyk ateratzen zion hogei puntuko aldea jan dio, hainbatetan lehiatik at egotea egotzi badiote ere, eta azken inkesten arabera, Hego Carolinan irabazi dezake.Hori horrela, lehia luzerako prestatzen hasi da Romney.
«Hasieratik esan nuen Massachusettseko batentzat Hego Carolinakoa aldapa gorako bataila dela», adierazi zuen Romneyk Gingrichi erreferentzia eginez, inkestek abantaila erosoa ematen ziotela jakin zuela. Gerora, ordea, 4,3 milioi biztanle dituen estatu kontserbadore horretakoa «borroka gogorra» dela aitortu behar izan du, eta lehia «parekatuta» dagoela.
Azken egunetan, hain zuzen, alde guztietatik egin diote eraso Romneyri. Berriz ere, hautagai errepublikanoa izateko nahikoa kontserbadorea ez izatea egotzi diote gainontzeko hiru hautagaiek—Gingrichek, Santorumek eta Ron Paulek—. 2008an, hain justu, laugarren postuan geratu zen Romney Hego Carolinan, ustez hainbat gaitan jarrera moderatuegia izateagatik. Hautesleek horrexegatik kritikatu izan dute maiz. Hori horrela, Romneyren lidergoa kolokan geratu da, orain arte saihestu ezineko hautagaitzat jo izan badute ere.
Ondarearekin lotutako kritikek eragin dute, batik bat, orain arte faborito zenak indarra galtzea. Izan ere, %15eko zergak ordaintzen dituela aitortu behar izan du aurkariek presionatuta—AEBetako herritarrek ordaintzen duten batez bestekoa baino gutxiago—. Horretaz gain, Kaiman uharteetako paradisu fiskalean ere inbertsio handiak dituela argitara atera dute aste honetan. Kritikak kritika, Romneyk argudiatzen du Obamari aurre egiteko hobekien prestatuta dagoen hautagaia dela.
Gingrich, biziberrituta
Gingrichek bere hautagaitza indartzea lortu du Hego Carolinako bozen atarian. Inor gutxik egin zuen Massachusettseko gobernadore ohiaren aldeko apustua New Hampshireko bozetan bosgarren geratu zenean, baina hautagai karismadun horrek oraindik irabazteko aukera duela erakutsi du.
Iragan asteleheneko eta osteguneko telebistako debateetatik indartuta atera zen Gingrich, hautagai guztien artean kontserbadoreenaren jarrera hartuta. Gainontzeko hautagaiak zalantzati eta defentsiban jarrita agertu ziren, eta Gingrich, berriz, konfiantzaz gainezka azaldu zen kameren aurrean, eta zaleen txaloak irabazi zituen. Rick Perry Texasko gobernadoreak lehia utzi izanak eta Gingrichen alde egingo duela esateak ere bultzada handia eman dio. «Ez da perfektua, baina ba al dago perfektua den inor?», esan zuen Perryk ostegunean. Horretaz gain, gerrako beteranoen taldeek eta kontserbadore ebanjelikoek ere haren alde egin dute. Sarah Palin Tea Partyko kidearen babesa ere badauka Gingrichek.
Hala ere, ez du guztia alde izan, Marianne Gingrich emazte ohia ere hauteskunde lehian protagonista bilakatu baita. Ezkonduta zeuden garaian Massachusettseko gobernadore izan zenak «harreman irekia» izateko proposamena egin ziola aitortu du ABC telebista katean. Gingrich familia tradizionalaren defendatzaile sutsu ageri da, eta gogor erantzun die bikotekideari ustez fidel ez izategatik egin dizkioten kritikei. Komunikabideetan halako kontuei ematen zaien gehiegizko garrantziak politikagintzan herriaren alde lanean dihardutenen lana zailtzen duela esan du.
Gingrichen gorakada eteteko asmoz, 1997an etika urratzeagatik ezarri zioten zigorraren gaiarekin eraso egin nahi izan dio Romneyk. Izan ere, delitu horregatik zigortutako lehen legebiltzarreko bozeramailea izan zen, eta 300.000 dolarreko isuna ordaindu behar izan zuen.
«Kanpaina luzea»
Santorumek eta Paulek lehian jarraitzen dute, Hego Carolinako bozetan irabazteko inolako aukerarik ez badute ere. Hain justu, aste honetan jakinarazi dute Santorumek Iowan 34 bozen aldea atera ziola Romneyri, eta garaipenak adoretuta oraindik «kanpaina luzea» izango dela adierazi du legebiltzarkideak.
Paulek, berriz, estatuaren funtzioak gutxienera jaitsiko dituela esaten jarraitzen du. Haren mezu libertarioak, dena den, ez ditu errepublikanoak guztiz konbentzitzen.
Analista politiko guztiek diotealderdi errepublikanoaren hautesleek jarrera eszeptikoa agertu dutela. Inork ez du gehiengo zabalaren babesa lortu, eta faboritoen dantza etengabea izan da azken hilabeteetan. Horrek lehia luzatzea eragingo duela diote, batetik. Bestetik, errepublikanoen nahasmenak Obamari mesede egiten diola nabarmendu dute, hura ez baitago bere une onenean.
Ekaina bitartean AEBetako estatu guztietan egingo dituzte hauteskunde primarioak aurtengo azaroko presidentetzarako bozetan Obamaren aurka nor lehiatuko den erabakitzeko. Abuztuan izendatuko dute ofizialki presidentetzarako hautagaia, alderdiaren batzar nazionalean.
Lehia luzerako prestatzen
Hego Carolinako bozen atarian indarra galdu du Romneyk, eta hautagai errepublikanoen lehia gogortu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu