Lehiaren bigarren zatia hasi da

Azken inkesten arabera, Nicolas Sarkozyk irabaziko du lehen itzulia, eta François Hollandek bigarrena

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Tolosako eskola juduaren aurrean izandako hilketek eragin zuzena izan dute eta izango dute Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan. Lehen egunerako prestatutako ekitaldi guztiak bertan behera laga zituzten atzo, eta datozen asteetako lehia politikoan eta inkestetan ere izango du eragina. Lehiaren bigarren zatia hasi du atzokoak. Nicolas Sarkozyren eta François Hollanden arteko borrokan bigarrena izan da orain arte faborito, baina bide luzea dute egiteko apirilaren 22ko lehen itzulirako, eta luzeagoa maiatzaren 6ko bigarrenerako. Tolosako hilketa izan baino lehen Hollandekiko tartea gainditzea lortu zuen jada Sarkozyk. Lehen itzulian presidenteak irabaziko dio sozialdemokratari, Journal de dimanche-k igandean argitaratutako inkestaren arabera; bigarrenean, aldiz, Hollandek irabaziko du. Botereak higatu egin du Sarkozyren irudia, baina Hollandek ez du abantaila hori bereganatzen asmatu. Norgehiagoka, beraz, zabal-zabalik dago, eta are gehiago atzoko gertakariaren ostean.

Atzokoak orain arteko inkesta guztiak alda ditzakeen arren, igandeko galdeketaren arabera, botoen %27,5 lortuko ditu Sarkozyk apirilaren 22an, eta %27, aldiz, Hollandek. Tarte txikia da, baina Internet bidez egindako inkesta denez, ez da telefonoz egindakoak bezain fidagarria. Bigarren itzulian, halere, Hollandek eskuratuko ditu bozen %54, eta kontserbadoreak %46, inkesta horren arabera betiere. Bi hautagai nagusien arteko lehia parekatuta dagoela erakusteaz gain, botoaren fragmentazioa ere erakusten du inkestak, alderdi txiki guztiek gora egin baitute: %17,5eko babesa jasoko du Marine Le Pen Fronte Nazional alderdi ultraeskuindarraren hautagaiak, eta %11koa, ostera, Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Fronteko buruak. Gainera, François Bayrou zentristak botoen %13,5 jasoko ditu.

Txikien indarra

Inkestek marrazten duten mapa zatikatua ikusirik, ezkerretik zein eskuinetik galtzeko arriskua ikusten dute bi hautagai nagusiek. Hollandek, esaterako, ezkerreko boto ugari gal ditzake Melenchonen mesedetan, sozialdemokratak ez baititu erabat konbentzitu gazteenak. Ezkerreko hautagaiak indar erakustaldia egin zuen joan den igandean Parisko Bastilla plazan, 120.000 lagunen aurrean globalizazioaren kontra eta protekzionismoaren alde agertuta. «Bastillako espiritua, hemen gara berriro Frantziako iraultza eta matxinadetako lagunak!», oihukatu zuen, hain zuzen ere, 1871ko matxinadaren urtemugan, Parisko Komunarenean. VI. Errepublika ezartzea aldarrikatu du Melenchonek.

Sarkozyk, bestalde, eskuinean du botoak galtzeko mehatxu handiena. Le Penek argi eta gordin hitz egiten du etorkinen kontra, eta egungo presidenteak diskurtsorik muturrekoena bereganatu behar izan du azken asteotan bere boto-emaile eskuinekoenak Fronte Nazionalera joan ez daitezen. Besteak beste, mugarik gabeko Europa bermatzen duen Schengengo Ituna eraberritzearen alde agertu da Sarkozy. Hollande ere sartu da etorkinen inguruko eztabaidan, eta erantzun dio ez duela onartuko immigrazioa liskarrerako gai modura erabiltzea ez Frantzian ez Europan. Lau juduen hilketak, baina, are gehiago piztuko du erlijioen eta arrazen arteko tentsioa kanpainan.

Europa eta ekonomia

Lehia politikoko beste bi gai nagusienak Europa eta ekonomia dira. Jarrera kontrajarriak dituzte bi hautagai nagusiek gai horien inguruan, eta okerreko bidea hautatu izana leporatzen diote elkarri. «Iraultza sozialdemokrataren» gidaritzat jo du bere burua Hollandek, neoliberalismoaren eta zorroztasun ekonomikoaren alternatibatzat alegia. Gainera, hitzeman du irabaziz gero ez duela berretsiko Bruselako aurrekontuen itun berria. Europazalea izan arren, bide aldaketa proposatzen du Hollandek Bruselan: hazkundearen aldeko politika gehiago egitea.

SarkozykEuropatik ihes egin nahi du kanpainan. Ez du jendaurrean Angela Merkelen gerizpean agertu nahi. Horregatik, Alemaniako kantzilerrari kanpainan parte hartzeko urtarrilaren hasieran egindako gonbita ukatu zion joan den astean publikoki: «Bozen kanpaina frantziarren kontua da». Merkel sutan jarri du Sarkozyren aldarte aldaketak, Der Spiegel astekariaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.