Martxoaren 11, sarraskia Madrilen

Lekuko baten arabera, atentatuen egilea ez zela ETA susmatzen zuen Espainiako Poliziak

Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak ikertzeko Espainiako Kongresuko Batzordean gaur hasi dira lekukoak deklaratzen. Hain zuzen ere, Luis Garrudo izan da agerraldia egiten lehena; hots, ekintzaileek lehergailuak garraiatzeko furgoneta atzeman zuen herritarra. Garrudok agertu du hasieratik esan zuela ibilgailu hartatik ateratzen ikusi zituen hiru gizonezkoak "atzerritarrak" zirela. Halaber, galdekatu zuen polizietako batek Garrudori esan zion ez zuela uste sarraskiaren egilea ETA zenik.

2004ko uztailaren 6a
13:45
Entzun
Garrudo eraikin bateko atezaina da Alcala de Henaresen (Madril), eta etxe horren atarian utzi zuten ekintzaileek lehergailuak garraiatzeko erabili zuten furgoneta. Bera izan zen ibilgailu susmagarri horren berri eman zuena.

Garrudok adierazi du hasieratik iruditu zitzaiola ibilgailutik ateratzen ikusi zituen hiru gizonezkoak "atzerritarrak" zirela, eta egun hartan deklarazioa hartu zioten poliziek behin eta berriz galdetu ziotela furgonetaren inguruan ikusi zituen pertsonak atzerritarrak zirenetz.

Halaber, polizia etxera deklaratzera eraman zutenetako batean Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak atentatuen egilea ETA ez zela esanez egin zituen deklarazioak egia ziren edo ez galdetu zion Poliziari Garrudok. Polizietako batek ez zuela uste ETA izan zenik erantzun ziola agertu du Garrudok.

Detonagailuak 12:30etan

Furgonetan aurkitutako zinta eta detonagailuen inguruan erehitz egin du Garrudok. Aipatu duenez, 12:30etan jakin zuen berak detonagailuak eta zinta bat aurkitu zutela furgonetan. Informazio hori polizia agente batzuk eman ziotela gaineratu du.

Garrudok esandakoa Polizia Zuzendariorde Operatibo Pedro Diaz Pintadok sinatutako txosten polizialaren kontrakoa da. Izan ere, txostenak dio zinta eta detonagailuak eguerdiko 15:30ak aldera aurkitu zirela furgoneta Canillaseko (Madril) polizia etxera eraman ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.