Lekukoak erostea egotzi dio Taylorrek Sierra Leonarako Auzitegiari

Liberiako presidente ohiak errugabea dela berretsi du, zigorra jaso aitzinetik egindako azken agerraldian

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Charles Taylor Liberiako presidente ohiak Sierra Leonarako Auzitegi Bereziari egotzi dio lekukoak erostea bere aurka deklara dezaten. «Lekukoei ordaindu egin diete, mehatxu egin diete, eta, kasu anitzetan, erran diete haien aurka auzibideak irekiko zituztelalekukotzak eman ezean». Epaimahaiaren aitzinean hitz egiteko azken aukeran egin ditu adierazpen horiek Taylorrek, Herbehereetako Leidschendam hirian. Auzitegi horrek erruduntzat jo du Taylor, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egitea egotzita. Zigorra hilaren 30ean jakinaraziko dute. II. Mundu Gerraz geroztik, nazioarteko justiziak zigortutako lehen estatuburua izanen da.

Liberiako presidente ohiaren arabera, epaiketa diruak baldintzatu du. «Ustelkeriazko eragina izan du, eta erabakigarria izan da». 11 delitu egin izanaz akusatu dute, baina errugabea dela erran du Taylorrek, eta galdetu du ea zergatik ez duten auzipetu George Bush AEBetako presidente ohia, hark tortura erabiltzeko agindu baitzuen, Taylorren arabera. «Legearen gainetik al dago hura?». Adierazpen bitxiak ere egin ditu: alde batetik, eskatu du zigorra ezartzerakoan bere adina kontuan har dezatela —64 urte ditu—, eta erran du «ume anitzen aita» dela, baita «biloba eta birbiloba anitz» dituela ere. Bertzetik, Julia Sebutinde epailea zoriondu du, Nazioarteko Zigor Auzitegian epaile den lehen emakume afrikarra izateagatik.

Fiskalak, ordea, 80 urteko espetxe eskaera berretsi du. Auzitegiak frogatutzat jo du TaylorrekRUF Fronte Iraultzaile Batua talde matxinoari lagundu ziola Sierra Leonako gerra zibilean (1991-2002), zuzendu ez zituela zehaztu arren. 50.000 lagun inguru hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.