Leon Panettak uste du Pentagonoari aurrekontua jaistea «hondamena» dela

AEBetako Kongresuak murrizketa onartzen badu, armada trebatu eta misioak egiteko dirua %20 gutxituko da

Ane Urrutikoetxea.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
AEBetan aurrezteko neurriak Pentagonora iritsi dira. Armada trebatzeko, armak eta materiala erosteko eta misioak egiteko Pentagonoaren aurrekontua %20 jaitsi nahi du AEBetako Kongresuak. Hala, Pentagonoak 400.000 milioi euro gutxiago izango ditu datozen hamar urteetan. Horri gehitu behar zaio aurretik AEBetako Alderdi Demokratak eta Errepublikanoak adostutako 390.000 milioi euroko murrizketa. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak murrizketen aurka protesta egin du senatuan, eta AEBetako armadaburu Martin Dempseyrekin batera aurrekontua mantentzeko eskatu du, murrizketa automatikoak «hondamendia» ekarriko duelakoan baitago.

Dempseyren esanetan, murrizketen ondorioz misioak eten eta armadako hainbat kide kaleratu beharko dituzte: «Oraindik goiz da murrizketaren ondorioak zeintzuk izango diren esateko, baina argi dago zenbait misio arriskuan ipiniko ditugula, ahulagoak izango garelako gure etsaien kontra. Indar nagusia gara orain, baina gero erasotzen errazagoak izango gara, eta horrek nazioartean gatazkak ugaritzea ekar dezake».

Murrizketak saihesteko ados jartzeko eskatu die Panettak legebiltzarkideei. «Murrizketek defentsa planaren estrategia kolokan jarri dezakete; ez daukagu malgutasun handirik».Defentsa idazkariaren arabera, murrizketaren ondorioz Afganistango gerrarako aurrekontua gutxitu beharko du Pentagonoak: «Gaur egun, AEBek hilabetean 90 milioi euro erabiltzen dituzte Afganistango tropak prestatzeko eta hornitzeko. Pakistango mugetan eduki ditugun liskarrek aurrekontua igotzera behartu gaituzte». Horrez gain, kalera-tze ugari egin beharko dituztela esan du: «Kaleratzeen ondorioz, AEBetako langabezia %1 handituko dela aurreikusten dugu».

Dempseyren ustez, Afganistanen murrizketak egiteak gerran ondorioak ekar ditzake, eta, beraz, Pentagonoa lehenik beste toki batzuetatik saiatuko da dirua kentzen. «Afganistango misioa ahultzea neurri drastikoa litzateke. Aurretik, beste eremuetan saiatuko gara gastuak gutxitzen, hala nola militarrak zaintzeaz arduratzen direnak. Horrek, noski, osasun zerbitzua ordaintzeko Pentagonoaren gaitasuna jaitsiko luke».

Osasun azterketak berrikusi

Senatuan zegoela aprobetxatuz, militarrei egindako azterketa psikologikoak berrikusiko dituztela adierazi du Panettak. Defentsa idazkariaren esanetan, kexa ugari jaso dituzte Irakeko eta Afganistango gerretan parte hartu dutenek ondorio psikologikoak izan dituztela salatuz. Panettak azaldu duenez, 2001etik aurrera egindako azterketa psikologiko guztiak berrikusiko dituzte, trauma ondoko estresa duten militarrak osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.