Letoniako errusiar jatorridun gutxiengoaren taldeentzat urte aktiboa izaten ari da aurtengoa. Otsailean errusiera bigarren hizkuntza ofizial bihurtu ala ez erabakitzeko erreferenduma egiteko behar adina sinadura bildu ondotik —hala ere, boto-emaileen %74k ezetz erantzun zuten—, bigarren ekinaldia hasi dute, Letoniako Estatuaren bertze oinarrietako bat aldatzeko asmoz. Zehazki, bertan jaio edo bizi arren Letoniako herritartasuna ez duten 300.000 inguru biztanleri naziotasuna aitortu edo ez erabakitzeko erreferenduma bultzatu nahi dute orain. Letonieraz nepilsona edo ingelesez alien estatusa edo pasaportea duten herritarrak dira horiek, gehienbat errusiar jatorrikoak, baina baita bielorrusiarrak eta ukrainarrak ere.
«Arazo horri konponbide bat bilatu behar zaio», aitortu zuen atzo Andris Berzins presidenteak, baina biztanle horiei «automatikoki» herritartasuna ematearen aurka dago. Eskubide Berdinen Alde erakundeak abiarazi du erreferendumera deitzeko sinadura bilketa. Oraingoz 12.000 lortu dituela dio, baina hizkuntzarenarekin gertatu bezala, erroldaren %10ek —150.000 herritar inguruk— sinatu behar dute. Berzins erreferenduma egitearen aurka agertu den arren, sinaduren langa gaindituz gero azken erabakia Hauteskunde Batzorde Zentralarena dela oroitarazi du. Presidenteak erran du lehenik eta behin herritartasuna ez dutenen artean hori zenbatek eskuratu nahi duten zehaztu beharko litzatekeela, «hainbatentzat herritartasuna ez izatea ez baita diskriminazio bat, pribilegio bat baizik».
Botoa emateko eskubiderik ez
Herritartasuna dutenek dituzten betebeharrak ez betetzea lirateke ustezko «pribilegio» horiek, Berzinsen arabera, baina alien estatusa dutenek zailtasun nabarmenak dituzte eguneroko bizitzan: ez dute botoa emateko eskubiderik, lanpostu publikoak eskuratzeko aukera murriztua dute eta bidaiatzeko arazoak izaten dituzte, bai atzerrian mugitzeko, bai atzera Letonian sartzeko. Zergak, baina, gainerako herritarrek bezala ordaindu behar dituzte.
Letonian 2,2 milioi lagun bizi dira. Horietako ia %40 dira eslaviarrak, errusiarrak gehienak. Horien herenek inguruk ez dute herritartasunik.
1940-1991 artean Letonia Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko parte zela harat migratu zuten eslaviarrak eta haien ondorengoak dira herritartasunik ez dutenak. Independentziaren ondoren jaiotakoek herritartasuna eskuratzen dute gurasoek hala eskatuz gero. Gainerakoei eskuratzeko ezarritako baldintza letonieraren eta bertako historiaren inguruko azterketa bat gainditzea da —gehienek errusiera dute ama hizkuntzatzat—. Russia Today katearen arabera, iaz azterketa egin zutenen %67k gainditu zuten proba.
EBk, exijentziarik ez Letoniari
Letonia EB Europako Batasuneko kidea da, baina Bruselak ez dio inoiz exijentziarik egin gai horren inguruan. Gutxiengo errusiarraren elkarteek eta Errusiako Gobernuak berak salatu dute Letoniako biztanle horiek estaturik gabeko herritarrak direla eta horrek nazioarteko legedia urratuko lukeela. EBrentzat, ordea, munduan aurrekaririk ez duen estatusa dute Letoniako eslaviar horiek, Estoniako antzeko kasuarekin batera. Horregatik, gomendioak eman arren, Letonia ez du behartu pausoak ematera. Herritartasunik gabe ere, alien pasaportearekin Schengen eremuan aske mugitzeko eskubidea dute bertze letoniarrek bezala.
Letoniako 300.000 'alien'-ak
Baltikoko herrialdeko biztanleen %15 inguruk, eslaviar jatorrikoak, ez dute bertako herritartasunik betidanik han bizi edo jaio arren. Legea aldatzeko galdeketa bat egiteko sinadura bilketa hasi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu