Ezinezkoa zirudiena lortu du Enrico Lettak Italian:orain arte PD Alderdi Demokratako idazkariorde izandakoak gobernua osatu du, eta bihar hartuko du lehen ministroaren kargua, baita ministroek ere bai. Giorgio Napolitano presidenteari aurkeztu dio proposamena, eta hark ontzat jo ondoren abiatuko da Italia gidatuko duen taldearen lana, hauteskundeak egin eta 60 egunera. Napolitanok nabarmendu duenez, "posible den gobernu bakarra" da Lettak aurkeztu duena, eta "exekutibo politikoa" izatea lortu du.
21 ministrok osatuko dute gobernua, legebiltzarrak gobernatzeko konfiantza ematen badio astelehenean, horietatik zortzi karterarik gabekoak izango dira. Ministro berrien artean, Emma Bonino independentea dago, eta Atzerri ministro izango da; Barne ministroa, berriz, Silvio Berlusconiren ondo-ondokoa, Angelino Alfano, Justizia ministro Ana Maria Cancellieri izango da, Montiren gobernuan aritutakoa, eta Ekonomia ministro Fabrizio Saccomani. Silvio Berlusconik gobernu osaeraren berri eman aurretik jakinarazi du ez dela ministro izango.
Azken egunotan Lettak bilera asko egin ditu alderdi guztietako ordezkariekin, eta alderdiok onespena berretsiko diote legebiltzarrean, gobernua osatzeko. Beppe Grilloren Bost Izar Mugimendua, berriz, kontra dago, beste hainbat alderdi txikirekin batera.