LIBANO. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Hezbolaren gotorlekua

Jainkoaren Alderdia Libanoko mugimendu politikorik garrantzitsuenetariko bat da, eta baita bozak irabazteko faboritoa ere

Sale Pragnjevic
Beirut
2009ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
2005ean Rafik Hariri lehen ministroa hil zutenean, Libano berriz ere gerra zibila izateko zorian geratu zen, eta Haririren izena du orain Beiruteko nazioarteko aireportuak. Handik atera bezain laster ikusten dira Hezbolaren bandera horiak; hainbat sinbolo dituzte, tartean kalaxnikov bat. AEBek eta Erresuma Batuak erakunde terroristatzat daukate Hezbola, Jainkoaren Alderdia, baina Libanoko mugimendu politikorik garrantzitsuenetako bat da, eta oposizioan osatu duen koalizioarekin, badirudi irabazi egingo dituela bihar egingo dituzten Legebiltzarrerako bozak. Orotara hiru milioi libanoar inguruk aukeratu beharko dute Parlamentu berria, 580 hautagairen artean.

Aireportu ingurua, Beiruten kanpoko aldean hegoaldean dauden auzoak eta Bekaa harana dira Hezbolaren gotorlekuetako batzuk. Nolanahi ere, haren muina ulertu nahi izanez gero, Beirut hiriburu builoso eta adartsutik alde egin eta Libano hegoalde-hegoaldera jo beharra dago.

Hegoaldea

Litani ibaia gurutzatu, eta beste mundu bat da: Libanok baztertu duen eskualde bat, Israelen okupazioa luzaroago sufritutakoa. Inguru horretan, nazioarteko 12.000 soldadu dauzka Unifilek, Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoak. 1978az geroztik dago Unifil Libanon.

Konplexua da Libanoko etnia egitura, 18 erlijio sekta baititu; hegoaldean, gehienak musulman xiitak dira, eta gutxiengo sunitak eta kristauak daude.

Bi alderdi xiitak Amal eta Hezbola dira. Lehen, elkarren etsai ziren -etsai armatu-; orain, hain dira aliatu, non zenbait eskualdetan adiskideen gisan banatzen dituzten eserlekuak.

Amal, 60ko urteetan sortu zenetik 80ko hamarkadaren erdialdera, indar nagusia izan zen hegoaldea eta xiiten interesak babesteko garaian, bere milizia armatuaren bitartez. Gero, Israelek alde egin zuen Libanoko lur gehienetatik, eta hegoaldeko muga inguruan bakarrik geratu zen, bere lurraldea defendatzeko.

Hezbola 1982an sortu zen, Irani zuzenean loturik, Irango Iraultza Islamiarra zabaldu eta askatze eta erresistentzia lanak gidatzeko. Poliki-poliki, gero eta indartsuago bihurtu zen. Garai hartan, Amal politikari eta gizarte zerbitzuei emanda zegoen. Otomandarren mende egon zenetik, Libanon beti izan zen ustelkeria, eta Amal ere usteldu egin zen boterera hurbildu zenean.

90eko urteen hasieratik, Hezbola erakunde libanoarragoa egin zen, nahiz eta Iranen laguntza jasotzen segitu: gehiago begiratzen hasi zitzaien Libanoko bertako arazoei; baztertu egin zuen errepublika islamiarra ezartzeko proiektua, eta gero eta indartsuago egin zen, Israelen kontra izaniko borroka militarren ondorioz.

Krisi ekonomikoa etengabea zenez eta gatazkek ondorioak ekarri zituztenez, hegoaldeko biztanle askok alde egin zuten, gehienek atzerrira, batzuek Beirutera. Hegoaldean inbertsio pribatu gutxi egiten dira, baita segurtasun arazoengatik ere.

Libanoko Gobernuak ez zuen aski egiten, eta Amalek eta Hezbolak bete zuten erakunde nazionalen hutsunea: herritarrei gizarte zerbitzuak emateko sare bat antolatu zuten, eta eskualdeko erreferente politiko bakar bihurtu ziren.

Amalek tokiko administrazioko lanetan jartzen ditu bere jarraitzaileak, eta Hezbolak osasun eta hezkuntza arloetan egiten du lan: gizarte organizazio hobeak ditu; laguntza medikoa ematen du -gizarte txartel merkeei esker-, umezurtzentzako babesa, eskola pribatuen sare bat -estu dabiltzan familiei ez diete kobratzen matrikula-.

Hezbola hobeto antolatua dago; xehetasunei ere erreparatzen die, eta erlijiosoagoa da. Gainera, ez zuen askorik parte hartu Gobernuan; beraz, jendearen begietan, zintzoagoa da, eta sinesgarritasun handiagoa du. Amal dogmatikoagoa iruditzen zaie, ustelagoa, usteltzen errazagoa.

Tiro, Amal nagusi den hiria

Tiro da hegoaldeko hiririk garrantzitsuena. Feniziarrek sortu zuten, eta tolerantziak famatu zuen, komunitate guztiak bakean bizi izan baitziren beti, nahiz eta antzina israeldarrek okupatu.

«Nire denda aitak zabaldu zuen, aspaldi», dio Fajez kristauak. Edari alkoholdunak saltzen ditu kristau auzo txiki batean, portutik gertu. «Bolada batean bakarrik egon behar izan genuen alkohola ezin saldurik, israeldarrek alde egin eta segituan, Amalekoek ez zigutelako uzten. Bi urtean, freskagarriak besterik ez niuen saldu. Orain ez dute ezer egiten, Hezbolakoek ez diete-eta uzten».

Tiron Amalen aldekoak dira, baina landa inguruak gehiago begiratzen dio Hezbolari. Hiritik atera, eta martirien erretratuak agertzen dira, mugimenduaren buru Hasan Nasralarenak eta xiiten erreferentzia direnliderrenak: Khamenei aiatolarenak eta haren aurreko Khomeinirenak.

Eskualdea desmilitarizatu dela esan arren, Hezbolak segurtasun taldeak dauzka herrixka guztietan, seguruenik ondo armatuak, eta milaka begik begiratzen dizute, zu konturatu ere egin gabe.

Hezbola oso hermetikoa da, eta ez da erraza kideekin hitz egitea. Beste eskualdeetako beste komunitateek maiz kritikatzen dute Hezbola, dituen harremanak direla eta. «Harremanak ditugu Iranekin», erantzun du ofizialetako batek, «baina hark ez du esku hartzen gure erabaki politikoetan. Hark harreman diplomatikoak ditu Libanorekin, eta guk gure herrialdeko legeei segitzen diegu. Gainera, harreman espiritual eta erlijiosoa da».

Bint Jbeil aldera

Ikuspegia lakarragoa da; landaredia, Mediterraneokoa; muinoak, harritsuak. Nire bidaide Alik azaldu dit nolako txikizioa utzi zuten israeldarrek 2006an. Bint Jaun erreta zegoen fosforo bonben ondorioz; Kunin egunero bonbardatu zuten; Saddikine eroria zegoen, Kafra bezala...

Orain, ia dena berriz iraikia dago: Qatarrek, Kuwaitek, Saudi Arabiak, Iranek, Siriak laguntza eman zieten Bint Jbeilgo barrutiko herrixka batzuei, inguru hori jo baitzuen gogorrenik gatazkak.

Bint Jbeil hiri martiriko sarreran, israeldarren tanke batek egiten du ongietorria. Afif Bazzi alkatea Hezbolakoa da, eta baieztatu du 800 etxe guztiz txikitu zizkietela, eta 1.500 larri hondatu. «Inguruko ekonomia jota dago; eraikuntza bakarrik dabil ondo, eta azpiegiturak hondoratu egin dira, hemen genituen zapata fabrikak bezala, 1996an txikitutako haiek. Jende gehienak atzerrira edo Beirutera alde egin zuen».

Hala ere, denek harro-harro gogoratzen dute 2000ko maiatzaren 25 hura: Hezbolaren tankeek atzerarazi egin zituzten israeldarrak mugaz bestaldera, bost kilometro bakarrik, haiek nahi baino lehenago.

Orain dela egun gutxi, gogotik ospatu zuten askatzearen urteurrena. Mitinik ikusgarriena Nabatie hirian izan zen, hegoaldean: Hasan Nasralak, Hezbolako idazkari nazionalak, milaka laguni hitz egin zien, gizonak alde batera eta emakumeak eta haurrak bestera -emakume gehienak zapia jantzita, baina ez denak-, eta kalaxnikova zuten bandera horiak ehunka. Halako batean, su festak eta bildutakoen oihuek eta emozioak aditzera eman zuten agertua zela Nasralaren irudia. Izan ere, zerbait egingo dioten beldurrez, 2006az geroztik zuzeneko bideo emanaldien bitartez bakarrik parte hartzen du horrelakoetan, Beirut hegoaldeko bunkerretatik atera gabe, alderdiaren zuzendaritzaren egoitzatik.

Hatz erakuslea luze-luze-horixe egiten baitu sutzen denean-, orro egin zuen erresistentziari buruz. Hitz horrek indar handia du oraindik mintzaldi politiko guztietan; Israelen kontrako erresistentzia da, jakina. Israeldarren hegazkinak maiz sartzen dira Libanoko aire eremuan, eta azken asteotan espioi asko harrapatu dituzte Israelen aldeko lanetan ari zirela; beraz, gaur-gaurko gaia da erresistentzia.

«Israelek ekarri zuen Hezbola sortzea, okupazio militarra eta gatazka guztiak direla kausa», azaldu du hango politikari batek. «Nazioarteko komunitatea ez da konturatzen fanatiko gehiago sortzen dituela oinarrizko arazoak konpondu gabe uzteak, hala nola Libanon dauden milioi erdi iheslari palestinarrak itzultzeko modurik ez izateak».

Duela gutxi, Israelgo Defentsa ministro Ehud Barakek azaldu zuen Israelek erasoak egiteko bidea zabalik edukiko duela Hezbolak irabazten badu. Argi dago zeinen alde dagoen gaur.



Parlamentuaren banaketa erlijioen arabera

Libanon 18 erlijio sekta daude, eta legeak zehazten du bakoitzari agintean dagokion tokia. Presidenteak kristau maronita behar du izan; gobernuburuak, musulman sunita; eta Parlamentuko buruak, xiita. Horretaz gain, 128 diputatuetatik erdiek musulmanak izan behar dute, eta beste erdiek kristauak.



Fuad Siniora

Haririren eskuin eskua

Ez da erraza izan Fuad Sinioraren agintaldia (Sidon, 1943). Rafik Hariri lehen ministroaren eskuin eskua izan zen urte luzez, eta 2005ean hura hil zutenean, haren tokia hartu zuen. Siriaren aurkariek Legebiltzarraren kontrola zuten arren, Hezbola buru zuen oposizioak batasuneko gobernua banatu zuen, Haririren hilketaren ondotik sortutako krisiaz baliatuta. Iazko maiatzean, ordea, azken urteetako krisi politikorik okerrena izan zena amaitzea lortu zuen Siniorak, oposizioarekin akordioa sinatuz.

Politikagintzan hasi zenetik gutxienez bitan egotzi diote ustelkeria, baina auzitegiek bietan errugabetzat jo dute buruzagi sunita.



40

Ustezko espioiak. Libanoko komunikabideen arabera, azken asteetan 40 lagun atxilotu dituzte herrialde hartan, Israelgo zerbitzu sekretuentzat lan egiten dutelakoan. Bozetako kanpaina hasiz geroztik, Polizia operazioak eguneroko bilakatu dira Libanon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.