Libanok eta Errusiak ez dute parte hartuko Siriaren Lagunak taldearen bileran

Gutxienez ehun lagun hil dira Homs hirian eta Idleb eskualdean, bonbardaketa batzuen ondorioz

Ane Urrutikoetxea.
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Etzi bilduko da Siriaren Lagunak taldea, Tunisian, eta Libanok eta Errusiak muzin egin diote gonbidapenari. Siriako gatazkatik kanpo dagoela adierazi du Libanok, eta ez duela konferentzian parte hartzeko asmorik. Bestalde, Errusiaren arabera, batzarrak ez du argi azaldu bileraren helburua eta parte hartzaile kopurua, eta, horregatik, bertan parte hartzeari uko egin dio. Txina ere gonbidatu dute, baina ez du erabaki parte hartuko duen edo ez. Frantziaren esanetan, Siriako herritarrei giza laguntza lehenbailehen helaraztea da etziko bileraren helburu nagusia.

Libanoko Atzerri ministro Adnan Mansurren arabera, herrialdeak ez du zerikusirik izan nahi Siriarekin, hiru hamarkadetan mendean hartu zuelako Libano: «Siriako gatazkarekin ez dugula loturarik erakutsi nahi dugu, eta, beraz, batzarrera ez joatea erabaki dugu». Bestalde, Errusiako Atzerri ministerioko bozeramaile Aleksander Lukaxevitxen esanetan, jadanik idatzita dagoen akordio bat sinatzeko helburua dute batzarraren antolatzaileek: «Denen iritzia kontuan hartu gabe, herrialde batzuek Siriako sektore bati laguntzeko koalizioa ematen du». Horrez gain, Txina Siriako egoera bortitzarekin «kezkatuta» agertu da, baina Tunisiako bilerarako gonbidapena «aztertu behar duela» adierazi du.

Romain Nadal Frantziako Atzerri Ministerioaren bozeramailearen ustez, giza laguntza Siriako herritarrengana iristeko bidea aurkitzea da Siriako Lagunak taldearen helburua. Horrekin batera, bilerak Siriako indarkeriaren aurka dauden herrialdeak batzeko balioko duela esan du: «Siriako indarkeriaren amaiera nahi dugun guztion gogoak batzeko eta giza laguntza berandu baino lehen herritarrei helarazteko balioko du etziko batzarrak».

NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak ere giza laguntza taldeei herrialdean sartzen uzteko eskatu diote Damaskori, Giza Eskubideak urratzen ari direla argudiatuta. Valerie Amos NBEko Giza Arazoetako idazkariordea Kristina Georgieva EBko komisarioarekin bildu da, eta herritarren egoera nabarmen okertu dela adierazi dute: «Laguntza taldeei lan egiten uzteko eskaera egiten dugu». Horrekin batera, Gurutze Gorriak egunero gutxienez bi orduko su-etena eskatu die Siriako gobernuari eta oposizioari, zauriturik eta gaixo dauden herritarrei laguntzeko denbora izateko, eta etxeetan harrapatuta daudenek lehengaiak bereganatu ahal izateko.

Hildakoak eta torturak

Bitartean, Baxar al-Assaden Gobernuaren eta oposizioaren arteko borrokak ez dira amaitu. Oposizioko talde baten esanetan, atzo gutxienez ehun lagun hil ziren, Homs hirian eta Idleb probintzian izandako bonbardaketen ondorioz.

Horrez gain, Siriak ostegunean atxilotutako hamalau kazetari torturatu ditzaketela salatu du NBEk. Erakundearen arabera, kazetariak haien aurkako salaketak jakinarazi gabe atxilotu zituzten, eta berehala aske uzteko eskatu dio Damaskori.

Bestalde, John McCain AEB Ameriketako Estatu Batuetako senatariak Siriako oposizioari armak eman behar zaizkiola esan du, «Damaskoren eta haren aliatu Iranen indarrak ahultzeko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.