Libanoko armada prest dago esku hartzeko, herrialdean «bake zibila» mantentzeko

Segurtasuna gainditu ezinezko «marra gorria» dela adierazi dute militarrek, eta soldaduak hedatu dituzte BeirutenHiriburuan lagun bat hil du armadak, eta Tripolin hiru hil dira liskarretan

mikel rodriguez
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Libanoko krisi politikoa erabat lehertu dadin saihestu nahian, armadak adierazpen publikoa egin du, eta Beirut hiriburuan eta bertze hainbat eremutan soldaduak karrikara atera ditu. «Nazioaren patua jokoan» dagoela uste du armadak, eta «segurtasuna, erakunde ofizialak, eta jabetza publikoak gainditu ezin diren marra gorria» direla ohartarazi. Horregatik, «bake zibila» mantentzeko asmoz esku hartzeko prest agertu da, eta erasoei erantzun eginen diela erran du. Gainera, buruzagi politikoei eskatu die iritziak «tentuz agertzeko», egoerak okerrera egin ez dezan. Beiruten soldaduek lagun bat hil zuten atzo, eta Tripolin, berriz, gutxienez bertze hiru hil ziren liskarretan.

Sektore politikoen eta erlijiosoen arteko polarizazioaren eta gatazkaren erdian, Libanoko armadak epailetzat aurkeztu du bere burua bertze behin. Segurtasunari buruz «maila guztietan» harremanak hasi dituela jakinarazi du, gehienbat «tirabira sektario eta konfesionalak» dauden eskualdeetan, «Libano eremuko kontu garbiketen jokaleku bihur dadin saihesteko, eta Al-Hassan martiriaren hilketa inork baliatu ez dezan». Al-Hassan, Wissam al-Hassan da, iragan ortziralean atentatuan hildako Poliziaren zerbitzu sekretuetako burua. Ekintza horrek piztu du krisi politikoa.

Deia buruzagi politikoei

Aurrez aurre dauden sektore nagusiak dira Martxoak 14 koalizioa—suniten interesak defendatzen dituen indar nagusia, kristauen presentzia zabala duen arren—, eta Hezbollah alderdi xiita eta haren aliatuak. Martxoak 14k Siriako Gobernuaren aurkako jarrera du, eta hari eta Hezbollahi egotzi die Al-Hassanen hilketa; Najib Mikati lehen ministroari ere ardura leporatu dio, eta haren dimisioa eskatu du. Horrelako adierazpenak baretzeko eskatu du armadak. «Buruzagi politikoek konpromisoa hartu behar dute egoera nahasi ez dadin, eta bakea mantentzeko». Herritarrei eskatu die, berriz, ez uzteko «emozioek egoera kontrola dezaten», eta «karrikak hustu eta bideak ireki» ditzatela. Herrialdea «hagitz une zailetan» dagoela uste du armadak, eta eskualde batzuetan egoera «aurrekaririk gabeko mailara» ailegatu dela.

Beiruten, adibidez, herenegun arratsaldean hasi ziren istiluak, Al-Hassanen hiletaren ondoren, ehunka manifestarik gobernuaren egoitzari eraso nahi izan ziotenean. Atzo goizaldean ere istilu gogorren berri eman zuten, baina arratsalderako armadak egoera kontrolpean zuela aldarrikatu zuen. Iturri militarrek jakinarazi dute lagun bat hil dutela tiroz Qasqas auzoan. Horren arabera, soldaduei tiroz eraso dien palestinar bat hil dute. The Daily Star egunkariaren arabera, balaz edo esku bonben leherketekin gutxienez sei lagun zauritu dira nagusiki sunita den Tariq al-Jdideh eta nagusiki xiita den Barbur auzoetako bizilagunen liskarretan.

Islamaren bi adarretako jarraitzaileen arteko istilu gogorrenen berri, ordea, iparraldeko Tripoli hiritik eman dute bertze behin. Nagusiki sunita den Bab al-Tabbaneh eta nagusiki xiita den Jabal Mohsen auzoak izan dira berriz ere borroken erdigunea. Hiru lagun hil dira bertan. Siriako gatazkak eragin berezia duen tokia da Tripoli, hango xiitak Baxar al-Assad presidentearen aldekoak baitira —gehienak alauiak dira hura bezala—, eta sunitak, berriz, matxinoen aldekoak. Alderdi Demokratiko Arabiarreko buru Rifaat Eidek —Al-Assaden aldekoa— Tripolin esku hartzeko eskatu dio armadari. Hezbollahen Al-Manar telebistak Etorkizuna Mugimenduko miliziei egotzi die herrialde osoan istiluak sortu eta armadari erasotzea —Martxoak 14ko alderdi nagusia da—.

Ashton, gaur Beiruten

Nazioarteko agendan ere bete-betean sartu da Libanoko krisia. Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia arduraduna gaur Beirutera joatekoa da, Ekialde Hurbileko bidaiaren baitan. Frantzia ere hurbiletik ari da jarraitzen gatazka. Laurent Fabius Atzerri ministroak Al-Hassanen hilketa Siriari egotzi ondoren, François Hollande presidenteak erran du atentatuaren gibelean Libanoren «batasuna eta egonkortasuna zalantzan paratzeko asmoa» dagoela. Libanoren eta Siriaren kolonizatzailea izan zen Frantzia XX. mendean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.