Libanoko Gobernua hautsi egin da, Hezbolako ministroek dimitituta

Xiiten alderdi nagusiak ez du onartu Fiskaltzak haren kide batzuk Rafik Haririren hilketaren erantzuletzat jo nahi izateaAEBek «nazioarteko kontsentsua» bilatuko dutela hitz eman diote Saad Haririri

Jon Fernandez.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Rafik Haririren hilketa Libanoko bizitza politikoa baldintzatzen ari da sei urte geroago ere. Atzo, Libanoko batasun nazionaleko gobernuaren hausturaren arrazoi nagusia izan zen. Hezbola alderdi xiitak eta haren aliatuek gobernua utzi zuten, Haririren hilketaz akusatuko dituztela susmatzen dutelako. Gobernua desegiteak hautsi egin du Libanok azken urtebete eskasean izan duen oreka ahula.

Hezbolak lehenagotik abisatu zion Saad Hariri (Rafik Haririren semea) gobernuburuari akordiorik egin ezean bere hamar ministroek kargua utziko zutela. Akordiorik ez da izan, eta xiitek hitza bete dute. Gainera, Michel Suleiman presidenteak izendatutako Adnan Al Sajed Husein Estatu ministroak ere dimititu egin du.

«Itxaropena berreskuratzeko azken ahalegina egin badugu ere, egonkortasuna eta justizia bermatuko dituen gobernu bat sortzeko bidea zabaltzea erabaki dugu, oraingo gobernu honek ez baititu ziurtatzen», zioen Gebran Basil Energia eta Ur ministroak atzo Beiruten, telebistaz emandako prentsaurrekoan. «Hori horrela, oposizioko ministrook gobernua uztea erabaki dugu, eta ahalik eta azkarren gobernu bat sortzea eskatzen dugu», erantsi zuen. Minutu batzuk geroago, dimititu egingo zuela jakinarazi zuen Al Sajed Husein Estatu ministroak ere.

Guztira, 11 ministrok utzi dute 30 ministroz osatutako batasun nazionaleko gobernua. Libanoko legediaren arabera, derrigorra da gobernu berria eratzea exekutiboaren herenak baino gehiagok kargua utziz gero.

Haririren gobernua 2009ko azaroaren 9an osatu zen, hauteskundeen ostean bost hilabetez gobernua eratzeko negoziazio zailakizan ostean. Negoziazioen ondorioz, eta xiiten eta suniten arteko tentsioa baretzeko, batasun nazionaleko gobernua eratzeko ardura hartu zuen Haririk. Gobernuko 30 ministroetatik hamabost parlamentuko lehen alderdikoak ziren, hamar oposiziokoak eta bost Suleiman presidenteak izendatutakoak.

2005eko atentatuari so

Batasun nazionaleko gobernuak egonkortasun ahula baino ez duekarri Libanora. Aitzitik, herrialdea blokeo egoeran bizi da. Arazoaren muina 2005eko otsailaren 14an Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohiaren kontra egindako atentatua da. Hariri eta beste 22 lagun hil ziren atentatuan. Erantzuletzat Hezbola eta Siriako Gobernua jo zituzten orduan. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako auzitegi berezi bat ari da atentatuaren auzia aztertzen, eta urtarrilean akusatuen zerrenda aurkeztuko du Fiskaltzak. «Uste dugu hilketaren erantzuletzat joko dituztela gure alderdikide batzuk», salatu du Hassan Nasrala Hezbolako liderrak.

2005eko hilketaren ikerketen inguruko desadostasunek leherrarazi dute berez mendrea zen batasun nazionala. Fiskaltzak akusatuen izenak hil honetan emango dituela jakinda, Hezbolak eta haren aliatuek gobernuaren bileretara joateari utzi zioten. Gobernura bueltatzeko baldintzatzat NBEk babestutako auzitegi bereziaren inguruan alde bien arteko akordioa lortzea ezarri zion Hezbolak Haririri. Ultimatuma bota zion herenegun: astearterako akordiorik lortu ezean gobernua utziko zutela adierazi zioten. Gobernuburuak ez zuen onartu. Eta, epea amaituta, emandako hitza bete zuten atzo 11 ministroek.

Hezbolak lekuko faltsuen auzia deitzendio NBEk babestutako auzitegi bereziaren harira sortu den arazoari. Izan ere, 2005eko hilketa ikertzen hasi zirenean, Siriaren aldeko lau jeneral libanoar atxilotu, eta kartzelan izan zituzten lau urtez hainbat lekukok esandakoak oinarri hartuta. Libanoko oposizioak lekuko faltsuak deritze lekuko horiei.

Nazioartearen babes bila

Libanoko batasun nazionaleko gobernua hautsi zen unean Washingtonen zen Hariri lehen ministroa. Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Etxe Zurian hartu zuen Hariri, «AEBek Libanoko subiranotasunari, independentziari eta egonkortasunari emandako babesari buruz hitz egiteko».

«Hezbolak bere beldurra baino ez du erakusten», zioen Obamak Libanoko 11 ministroen dimisioen berri izan ostean. «Ekialde Hurbilean bakea, egonkortasuna eta justizia bultzatzeko AEBak egiten ari diren ahaleginean Libano aliatu garrantzitsua da», dio Etxe Zuriko prentsa oharrak.

Libanon lehertu den krisia ikusita, Beirutera bueltatu beharrean Frantziara joatea erabaki du Haririk. Nicolas Sarkozy presidentearekin bilduko da gaur. Bestalde, Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariak jakinarazi du «nazioarteko kontsentsua» bilatuko duela Libano eta NBEren auzitegi berezia babesteko. Eta jada hainbat herrialderekin hitz egin duela adierazi du: «Egiptorekin, Saudi Arabiarekin, Frantziarekin eta beste batzuekin».

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak, berriz, jakinarazi du Israel «arduratuta» dagoela eta krisia «hurbiletik» jarraitzen ari dela. 2006ko udan gerra izan zen Israel eta Hezbolaren artean, eta oraindik ere alde biek errezeloz begiratzen diote elkarri.

Bi etsai elkarlanean

Siria Hezbolaren aliatu estrategikoa da; Saudi Arabia, berriz, Haririren babeslea. Alabaina, Libanon xiiten eta suniten arteko gatazka berriz ez lehertzeko,herrialde biak elkarlanean aritu dira azken hilotan bitartekari lanak eginez. Urtarrilaren 7an AEBetara joan zen Hariri Abdala Bin Abdelaziz Suadi Arabiako erregearekin biltzeko, Siriak eta Saudi Arabiak Libanoko krisiarentzako konponbidea adostu zutela argitaratu baitzen.

Ez zen, ordea, konponbiderik. Michel Aoun Hezbolako liderrak argi esan zuen astearte gauean Siria eta Saudi Arabiaren arteko bitartekaritza lanak ez aurrera ez atzera zeudela. Jarraian, Basil oposizioko ministroak «zabartzat» jo zituen bi herrialdeen gomendio eta erabakiak. «Herrialdea krisian dago», zioen Basilek.

Oraingoz, lehen ministroa Libanora bueltatzeko zain dago Haririren alderdia, «bilera zabala egin eta jarrera ofiziala adostu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.