Ekialde Hurbila

Libanoko Gobernuak protesta artean jaso du parlamentuaren babesa

Manifestariak ganberarako bideak ixten saiatu dira, diputatuek konfiantza botoan parte har ez zezaten. Lehen ministro berriak iragarri du «larrialdi plan bat» jarriko duela abian hila amaitu aurretik.

Protestariak, Libanoko hiriburuan, gaur. EFE
ander perez zala
2020ko otsailaren 11
19:37
Entzun

Libanoko Gobernu berriak ez du hasiera samurra izan. Ez zuen, halere, bide errazik espero: Ekialde Hurbileko herrialde hori amaigabea dirudien krisi politiko batean dago murgilduta iragan urritik, egunek aurrera egin ahala luzatzen ari da manifestazioen zerrenda, eta herritarren haserreak ez du baretuko den zantzurik eman. Arrazoia zera da: Libano azken hiru hamarkadetako krisi ekonomikorik larrienean dagoela murgilduta.

Egoera horren erakusle bilakatu da Beirut hiriburua, batez ere parlamentuaren ingurua, han elkartu baitira agintari politikoen aurka manifestatzen ari diren milaka herritar. Helburutzat jarri dute diputatuei ganberarako bidea ixtea, gobernu berriari buruzko konfiantza botoan parte har ez zezaten; protesta horiengatik edota saioa boikotatzeagatik izan dela ere, ordezkari guztiak ez dira parlamentuan izan, baina Hassan Diab buru duen gobernuak ganberaren babesa jaso du.

Oraindik ez dago argi herrialdeak zer bide hartuko duen gobernu berriarekin. Egoera ekonomikoa hobetzea izango da lehen ministro berriaren erronka nagusia, eta, horretarako, haren inbestidura babestu duen Martxoaren 8ko Aliantzarekin negoziatu beharko du zer neurri hartu; parlamentuan 71 diputatu ditu —128tik—, eta hamabi alderdik —tartean Hezbollah— eta bi ordezkari independentek osatzen dute. Diab bera independentea da, eta Michel Aoun herrialdeko presidenteak izendatuta iritsi da lehen ministroaren kargura, hauteskundeetan lehiatu gabe. Horrek are gehiago handitu du herritarren haserrea, ez baitute zilegitzat jotzen.

Horren jakitun dagoen arren, gobernuburuak aurrera jarraitzeko asmoa du, eta gaurko saioan jakinarazi du «ustelkeria amaitzeko» lan egingo duela, «langabezia txikituko» duela, «sistema judizial independente bat» finkatuko duela, «lapurturiko funts publikoak berreskuratuko» dituela, eta hauteskunde lege berri bat sustatuko duela, beste hainbat neurriren artean. Horiek izan dira hilabeteotan manifestariek egin dituzten eskarietako batzuk.

Gobernu programa horrekin, 63 diputatuk aldeko botoa eman diote Diaben gobernuari, eta 20k kontrakoa. Hortaz, gaurko saioan ganbera osatzen duten 128 ordezkarietako 83k soilik parte hartu dute: «Gure misioa zaila da», aitortu du Diabek. Horren erakusle da legealdiari buruz aurkeztu duen testuan «neurri mingarriak» hartu beharra aipatzea.

Kopuruekin bueltaka

Parlamentuan saioa hasi eta berehala, diputatuek polemika handia izan dute quorumik ba ote zegoen edo ez. Oposizioko alderdietako batzuek salatu dute gutxieneko kopurua ez dela bete, baina Nabih Berri ganberako presidenteak adierazi du 66 ordezkari zeudela gelan, eta, hortaz, saioari ekingo ziotela. Kanpoan geratu edo protestengatik berandu iritsi diren ordezkariak, beraz, bilkura hasita zegoela sartu dira, denera 83 izateraino. Soilik dozena batek boikotatu du saioa, tartean Tammam Salam and Najib Mikati lehen ministro ohiak.

Diaben gobernuari buruzko bozketa tentsio politiko eta sozialaren erdian egin dute. Izan ere, iragan urrian abiaturiko protestek eragin handia izan dute elite politikoan, eta asko baldintzatu dute egunerokoa: Saad Haririk dimisioa eman zuen manifestazioak hasi eta bi astera, «inor bere herrialdea baino handiagoa» ez dela argudiatuta. Presioa erabatekoa zen, haren gobernuak proposaturiko neurri batek piztu baitzituen protestak: zerga bat ezartzea Whatsapp aplikazioaren bidez egindako deiei.

Manifestazioak hasi eta berehala atzera egin zuten arren, beranduegi izan zen, eztanda erabatekoa baitzen. Protestariak agintariei begira jarri ziren: politikariei egozten diete ekonomiaren kolapsoa eragitea —zorra handitu egin da eta prezioak igo egin dituzte, esaterako—, eta ustelkeria kasuak izatea.

Aounek iragan abenduan izendatu zuen Diab lehen ministro, eta, ostera, gobernuburuak parlamentuaren babesa jaso zuen; besteak beste, Hezbollahren aldeko botoekin. Gauza bera gertatu zen atzo, baina horrek ez du baretuko kaleko tentsioa, asteotako gertakariek erakutsi dutenez. Horri begira, lehen ministroak jakinarazi du «larrialdi plan bat» jarriko dutela abian hilabetea amaitu aurretik.

Ekintzak goiz-goizetik

Goizeko zazpiak aldera elkartu dira manifestariak parlamentuaren inguruko kaleetan, eta helburutzat jarri dute diputatuei ganberarako bidea oztopatzea, osoko bilkuran parte har ez zezaten; barrikadak hamar bat ziren goiza amaitzear zenerako. Beste aldean, protestarien helburua gelditzeko neurriak ere hartu dituzte: zementuzko blokeak ezarri dituzte kale batzuen sarrera blokeatzeko, baina, eguerdirako, manifestariek bota egin dituzte horietako gehienak.

Bi gertakari horien artean, ez dira falta izan Poliziaren eta herritarren arteko talkak; Aounek «egonkortasuna bermatzeko» agindua emana zien armadari eta poliziei, zetorrena aurreikusi nahian, eta jardun horretan aritu zirela jakinarazi zuen Poliziak, «betiere adierazpen askatasuna errespetatuz». Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez 300 lagun zauritu dituzte.

Egoera horretan, parlamentuan sartu nahi zuten diputatu batzuek motoz igaro dituzte ganberaren inguruko kaleak, eta horietako askok erasoak saihestea lortu dute. Beste batzuek, gehienbat autoan bertaratu direnek, beren ibilgailuen kontrako harrikadak jasan behar izan dituzte. Erantzun gisa, poliziek negar gasa bota dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.