Bozketa egutegia honakoa izango da: gaur Beirut hiriburuan (19 aulki) bozkatuko dute;ekainaren 5ean hegoaldean (23 aulki), ekainaren 12an Libano Mendian (35 aulki) eta Bekaa haranean (23 aulki), eta ekainaren 19an iparraldean (28 aulki). NBEko eta Europako Batasuneko talde bana laguntza tekniko eta behaketa lanetan ariko dira. Populazio portzentaje berdina ez duten arren, komunitate musulmanek eta kristauek 64na diputatu hautatzeko aukera izango dute. Eskualde bakoitzean dauden komunitateen arabera daude banatuta komunitate bakoitzari dagozkion diputatuak. Bost eskualdeak 14 hautesbarrutitan banatuta daude, eta horiek, berriz, 27 azpibarrutitan. Azpibarruti bakoitzean bat eta 10 aulki artean hautatzen dituzte, sistema konfesionalari jarraiki. Gehiengo sinplea aski da diputatu akta lortzeko. Siriaren presentziaren kontra aritutako oposizioak azkenean aliantza zabalik lortu ez duen arren, sakabanatuta aurkeztu dituzte zerrenda bateratuak, nork bere eremuan.
Zenbait barrutitan dagoeneko banatu dituzte diputatu aktak, hautagai bakarra aurkeztu delako. Orotara, 17 aulkik badute jabea, tartean Beiruteko bederatzik eta hegoaldeko seik. Oposizioko buruzagi nagusietako bat eta PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoia (sozialdemokrata, gehienbat druzoa) taldeko buru Ualid Jumblattek eta Maruan Hamade alderdikideak, esaterako, horrela berretsi dute diputatu akta.
Era berean eskuratu dituzte Saad Haririren zerrendako bederatzi hautagai sunitak Beiruteko barruti batzuetan. Beiruten sunitak dira gehiengo, non 400.000 pertsona inguruk bozkatzeko aukera duten, Siriaren aldeko ezkerreko hautagai batzuk eta Hezbola eta Amal talde xiiten aliantza izango ditu lehiakide Haririren alderdiak (Rafik Hariri Martiriaren alderdia).Alabaina, Libanon gauzak ez dira Europatik diruditen bezain sinpleak; aliantza bitxiak gertatzen dira. Zenbait tokitan Haririk eta Jumblattek (Siriaren kontrakoak) akordioak egin dituzte Hezbola eta Amalekin (biak Siriaren aldekoak). Hala, Haririk Beiruten aurkeztu duen zerrendako kide bat Hezbolakoa da, eta Hezbola eta Amalen hegoaldeko zerrendan Bahia Hariri ageri da, Saad Haririren izeba.
2000tik honako aldaketak
2000. urtean Rafik Haririk eta bere aliatuak, botoen %22 eta 43 diputatu eskuratuta, Legebiltzarreko bloke nagusi bilakatu ziren. Besteak beste, Jumblattek eta jarraitzaileek 14 diputatu lortu zituzten, eta Hezbolak eta Amalek 20 bat, biak elkarrekin zenbatuta. Hartara, Siriaren aldeko diputatuek kontrolatzen dute Legebiltzarra; gainera, Libanoko presidentea (Emile Lahud) zein Legebiltzarrekoa (Nabi Berri, Amalekoa) Siriaren aldekoak dira, eta hil baino hilabete batzuk lehenago arte halaxe lerratu zen Rafik Hariri ere. Jumblatt ere behiala Siriaren aldekoa izan zen, baina azken boladan erretiratzeko eskatu zion.
Bozketak bozketa, bada Libanon bozkatzerik ez duen jende multzo handi bat: errefuxiatu palestinarrak. 400.000 inguru dira eta ez dute eskubide zibilik.
-
Hautagaitza nagusiak
Libanoko Legebiltzarra (128 diputatu dauzka) banaketa konfesionalaren (18 komunitate daude) arabera osatzen da. Gaur egun xiitak populazioaren gehiengo diren arren (%40), kristau maronitentzako dira aulkirik gehienak (34) eta presidentetza, Konstituzioak hala ebatzita. Musulman sunitei eta xiitei 27na ordezkari dagozkie, kristau greziar ortodoxoei 14, kristau greziar katolikoei 8, druzoei 8, kristau armeniar ortodoxoei 5, musulman alautei 2, kristau armeniar katolikoei 1, kristau protestanteei 1 eta bestelako komunitate kristauei 1. Irizpide horien eta barrutien arabera banatzen dira ordezkariak. Hona hemen hauteskundeetako hautagaitza nagusiak:
Rafik Hariri Martiriaren Zerrenda: otsailaren 14ko atentatuan hildako lehen ministro ohi Rafik Haririren seme Saad Haririk (sunita) sortutako FM Etorkizunaren Mugimendua alderdia eta beste batzuk barne hartzen ditu. Beiruten eta Jabal Lubnanen (Libano Mendia) nagusi izateko aukera asko ditu.
Erresistentzia, Askapena eta Garapenaren zerrenda: Alderdi xiita nagusiek, Hezbolak eta Amalek, osatu dute zerrenda. Beiruteko hegoaldeko barrutietan, Bekaa haranean eta hegoaldean faborito nagusia da.
PSP eta LF: Ualid Jumblatt buruzagi druzoaren PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiak eta gerra zibilean etsai bat izan zuen LF Indar Libanoarren mugimenduak (Samir Geagea maronita da burua; preso dago) zerrenda bateratua aurkeztu dute Libano Mendiko Shuf barrutian. Bi alderdiak Siriaren presentziaren aurka agertu dira.
FPM Mugimendu Patriotiko Askea: Berriki erbestetik itzulitako Libanoko Armadako jeneral ohi Michel Aun maronitaren alderdia ez da gai izan PSP eta LFrekin aliantza egiteko. Siriaren kontrakoa da. Ekainaren 12an Libano Mendian egingo diren bozetan haien aurka lehiatuko da Aun.
Kornet Shehuan Elkarretaratzea: Eliza Maronitako patriarka Nasrala Sfeir Butrosek gidatzen duen zenbait politikari kristau maronitaren aliantza da. Siriaren aurkakoa da.
Besteak: PNSS, Baath, Kataeb (Falangeak) eta talde nasserista, komunista, islamistak eta beste.