Libanoko mugan harresi bat eraikitzen hasi da Israel, «segurtasuna hobetzeko»

Palestina Askatzeko Herri Fronteko burua ospitalera eraman dute; hamalau egun daramatza gose greban

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Libanoko mugan harresi bat eraikitzen hasi zen atzo Israel. Metula hiria Libanoko Kfar Kila hiritik egiten dizkioten erasoetatik babesteko eraikiko dute harresia, Tel Avivek azaldu duenez. Israelgo Gobernuak esan du murrua «eskualdean segurtasuna hobetzeko eta tirabirak gutxitzeko» dela.

Hamar metroko garaiera izango du bi hiriak bananduko dituen harresiak. Tel Avivek argitu du eraikuntza lanak NBE Nazio Batuen Erakundeko Libanorako indarrekin eta Libanoko Armadarekin koordinatuta hasi dituztela. Atzo, hain zuzen ere, kasko urdin eta soldadu libanoar ugari bildu ziren harresiaren eraikuntza lanak gertutik zaintzeko. NBEk 2000. urtean Israel Libanotik erretiratzen zela bermatzeko ezarri zuen segurtasun hesia erretiratu dute Israelgo soldaduek harresia eraiki ahal izateko.

Kfar Kilatik Metulara «noizbehinka» tiroketak egiten dituztela argudiatu du Israelek, eta bertako 1.600 biztanleak babestu nahi dituela.

Saadat, ospitalean

Bestalde, Ahmed Saadat PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko burua ostegunean ospitalera eraman zutela jakinarazi du Israelgo Espetxeetako Zerbitzuak, gose grebaren hamargarren egunean. Apirilaren 17an, preso palestinarren egunean, 1.600 presotik gora gose greba egiten hasi ziren, «presoen funtsezko giza eskubideen alde egiteko».

Saadat «ongi» dagoela esan dute, baina bere «adinagatik» medikuek jarraipena egiteko eraman zuten ospitalera, Israelgo Espetxeetako Zerbitzuak adierazi duenez. Kasik 60 urte ditu Saadatek, eta 2008az geroztik preso dago. 30 urteko zigorra betetzen ari da «erakunde terrorista bat zuzentzeagatik» eta «2001etan Rehavem Zeevi Israelgo Turismo ministroaren aurkako atentatua antolatzeagatik».

Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusia eta Jaled Mexal Hamaseko burua Egipton bildu ziren herenegun, eta gose greba egiten ari diren presoen auzia NBEn aurkeztea adostu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.