Libanoko oposizioa krisia bukatzeko prest, presidentea hitzartzen badute

Iaztik gobernua ez dela zilegia dio oposizioak; presidente berria irailaren 25etik aurrera hautatuko du Legebiltzarrak

2007ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Libanoko krisi politiko eta instituzionala hein handi batean buka dezakeen proposamena egin zion herenegun Gobernuari oposizioko buruetako batek, Legebiltzarreko presidente Nabi Berrik. Amal alderdi xiita laikoko burua da Berri. Libanoko presidente kargurako hautagaia nor izango den gehiengo parlamentarioarekin hitzartuz gero, oposizioa prest dago iaz hasitako protestak amaitzeko eta alde batera uzteko batasun nazionaleko gobernua osatzeko nahiz bestelako eskakizunak. Emile Lahud egungo presidentearen agintaldia 2004ko bukaeran zen amaitzekoa, baina hiru urteko luzapena -polemikoa, orduko oposizioak zilegitasunik gabea joa- lortu zuen. Heldu den irailaren 25a eta azaroaren 24a bitartean hautatu beharko du Legebiltzarrak presidente berria.

«Iradokitzen ari naizena ez da bloke batek bestea garaitzea. Presidente hautagai batengan ados jar gaitezen, hura kontsentsuz eta bi hereneko quorum-az, eta oposizioak jada ez du hautaketaren aurretik gobernu zabal bat eratzeko exijituko, zuek -gehiengoa- hau ez duzuelako nahi. Hori alde batera utziko dugu, ez zuengatik, Libanorengatik baizik», azaldu zuen Berrik Baalbek hirian (ekialdea), milaka jarraitzaileren aurrean. Amal mugimenduaren sortzaile Mussa Sadr imam xiitaren desagertzearen 29. urtemugan egin zuen eskaintza.

Legeak agintzen duen bi hereneko quorum-aren aipamena ez zuen alferrik egin, iragan astean gehiengo parlamentarioko kide eta PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiko buru Ualid Jumblattek esan baitzuen gehiengo parlamentarioak «nahi duen momentuan» hauta dezakeela presidentea, gehiengo sinplez.

Hain justu, gehiengo parlamentarioko iturri batek An Nahar egunkariari atzo adierazi zionez, prest daude oposizioarekin elkarrizketak berehala hasteko. «Alabaina, hautagaiaren izena, programa eta konpromisoan zein alderdik parte hartuko duten jakin gabe ez dugu akordiorik egongo den edo ez aurreratuko».

Libanoko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasle Nassim Khuriren ustez, herrialdean dauden zailtasunak ikusita, Berrik «urrats izugarria» egin du.

IAZKO AZAROTIK KRISIA ETA PROTESTAK. Iazko azaroaz geroztik dago krisian Gobernua. Orduan oposizioko zazpi ministroetatik seik dimisioa eman zuten, horietako bost xiitak -hiru Amalekoak eta bi Hezbolakoak- eta bestea kristau greziar-ortodoxoa. Fuad Siniora lehen ministroa buru duen gobernuari Mendebaldearen -nagusiki AEBak, Frantzia metropoli ohia eta Europako Batasuna- esanetara makurtzea eta Israelek Libanoren kontra iragan udan egin zuen erasoaldi zabalaren aurrean ahul jokatzea leporatzen diote Hezbola, Amal, FPM Fronte Patriotiko Askea eta hauen aliatuek. Hauek Siriaren aldekoak dira. Gainera, Gobernuaren jardunarekin ados ez zeudenez, azaroaren hasieran beren ministroek dimisioa eman ondotik «zilegitasunik gabea» irizten diote Gobernuari. Izan ere, Konstituzioaren arabera, Libanoko 18 komunitateetako ordezkariak egon behar dira Gobernuan, eta orain xiitek ez dute ordezkaritzarik.

Oposizioak kabinetearen heren baten kontrola izatea exijitzen dio Siniorari, Gobernuaren erabakietan beto ahalmena izateko adina. Komunitate musulman xiitak populazioaren %40 osatzen badu ere, diputatu eta ministro banaketan ordezkaritza txikiagoa du. Horrez gain, batasun nazionaleko gobernua eratzeko eskatzen dabiltza.

Iragan abendutik, gainera, Beiruteko erdialdean, lehen ministroaren bulegoen aurrean protesta kanpaldia egiten ari dira.

Gehiengo parlamentarioak 71 diputatu ditu egun, eta oposizioak, aldiz, 57. Gobernuko 24 ministroetatik 16 geratzen zaizkio gehiengo parlamentarioari, bat atentatuan hil baitzioten azaroaren bukaeran. Oposizioak zituen zazpi ministroetatik bakarra geratzen da karguan.

Falange eskuin muturreko alderdi kristauko buru eta Libanoko Turismo ministro Pierre Gemaiel(Gobernuaren aliatua) iragan azaroan hil zuten. Hura eta ekainean, beste atentatu batean, hil zuten FMko diputatu eta Legebiltzarreko Defentsa Batzordeko presidente Ualid Eido diputatua (Gobernuaren aldekoa) ordezkatzeko abuztuan eginiko bozketa partzialean Gobernuaren eta oposizioaren aldeko diputatu bana hautatu zituzten. Hala, Gobernuaren aldekoek eserleku bat galdu zuten.

Israelgo armada iazko uztailean Libano osoari -baina batik-bat hegoaldeari- erasotzen hasi zenean, bertan behera geratu ziren erresistentzia armatuaren rolaz eta batasun nazionaleko gobernua osatzera begira oposizioak eta gehiengo parlamentarioak abian zituzten elkarrizketak.

Oposiziokoek Feltman kabinetea deitzen diote Sinioraren gobernuari, «Libanon benetan agintzen duena» AEBetako enbaxadore Jeffrey Feltman dela salatuta.

Aitzitik, Siniorak eta gehiengo parlamentarioak «Siriak eta Iranek bultzatutako estatu kolpetzat» jo izan dute oposizioak iaz hasitako protestaldia.

LAHUDEN KONTRAKO AKUSAZIOA. Herenegun Gobernuko ministro batek, Najla Moauadek, «estatu kolpea prestatzen» ibiltzea leporatu zion Lahud presidenteari, honek behin-behineko gobernu bat osatzeko proposatu zuelako, armadako buru Michel Sleiman lehen ministro jarri nahirik. Lahudek ostegunean egin zuen proposamena.

1980ko hamarkadan atentatuan hildako Rene Moauad presidentearen alarguna da Najla Moauad, eta presidentetzarako hautagai posibleetako bat da. Beste bat Michel Aoun jeneral ohia da, egun Siriaren aliatua. Libanoko legearen arabera, presidente kargua kristau maronita bati dagokio, lehen ministroa musulman sunita bati eta Legebiltzarreko presidentea musulman xiita bati.

Horiek horrela, AEBek Libanon duten enbaxadore Jeffrey Feltmanek ostiralean berretsi zuen Washingtonek ez duela faboritorik Libanoko presidente kargurako.

LIBANOKO BOKE KONTRAJARIAK

Gobernuaren aldekoak

FM Etorkizunaren Mugimendua. Gehienbat sunita, liberala. 36 diputatu..

PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoia. Gehienbat druzoa, sozialdemokrata. 16 diputatu dauzka.

Kornet Shehuan Elkarretaratzea. Sei diputatu ditu. Falangea (eskuin muturrekoa, kristau maronita), NLP Alderdi Nazional Liberala (kristaua) eta hainbat independentek osatzen dute.

LF Indar Libanoarrak. Alderdi kristaua, eskuinekoa. Sei diputatu ditu.

DR Berrikuntza Demokratikoa: Diputatu bat du.

DL Ezker Demokratikoa: Diputatu bat dauka.

Adiskidetze eta Erreformaren Zerrenda: FM, PSP, Kornet Shehuan Elkarretaratzea. LF, DR eta DLk osatzen dute. Guztira 71 diputatu ditu gaur egun, azaroan Falangeko diputatu bat hil baitzioten.

Oposizioa

Amal. Alderdi xiita laikoa. 15 diputatu ditu. Hiru ministro erretiratu zituen.

Hezbola: Xiita. 14 diputatu. Bi ministro erretiratu zituen. Gerrilla taldea ere badu.

SSNP Alderdi Sozial Nazional Siriarra: Panarabista, Siria historikoa berriz osatzearen aldekoa. Bi diputatu.

Erresistentzia eta Garapenaren Zerrenda: Amal, Hezbola, SSNP eta beste talde txikiago batzuek osatzen dute. Orotara 35 diputatu ditu.

FPM Fronte Patriotiko Askea: Nagusiki kristaua. 15 diputatu ditu (horietako bat 2007ko abuztuko bozketa partzialean lortua, Gemaielen hilketaren ondotik).

Baath Alderdi Sozialista: Panarabista. Diputatu bat du.

Jendearen Nahiaren Zerrenda: FPM, Baath Alderdi Sozialista, NPM Herri Mugimendu Nasserista eta independenteek osatua. Orotara 21 diputatu ditu.

Besteak: Alderdi Komunista, Marada (nagusiki kristaua) eta beste alderdi txiki batzuk, independenteak eta komunitate ezberdinetako hainbat buruzagi erlijioso. Horrez gain, CGTL Libanoko Langileen Konfederazio Nagusia sindikatua ari da oposizioarekin protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.