Libanoko zerbitzu sekretuen burua hil dute Beiruten, auto bat leherrarazita

Oposizioko alderdiek Siriari leporatu diote erasoa, baina Damaskok ere gaitzetsi egin du Beiruteko atentatua

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Siriako gatazkak sortutako tentsioa inguruko herrialdeetara zabaltzen ari da. Horren erakusle da Libano. Wissam Hassan Libanoko Poliziaren zerbitzu sekretuen burua hil dute Beirut hiriburuan, auto bat leherrarazita. ANN Libanoko berri agentziak jakinarazi duenez, Al-Axrafiya auzoan egindako erasoan, gutxienez beste zazpi lagun ere hil dituzte, eta 80 lagun inguru zauritu dira. Erasoa ez du hartu inork bere gain. Libanoko hainbat alderdiren arabera, Siriako Gobernua eta haren aldeko Libanoko miliziak egon daitezke atentatuaren atzean. Siriako Gobernuko ordezkariek eta Hezbollah alderdi xiitak, ordea, gaitzetsi egin dute atentatua.

Hassanek oposizioko Martxoaren 14 koalizioarekin lotura zuen. Hassanek zuzendutako operazio batean Michel Samaha Libanoko Gobernuko Informazio ministro ohia atxilotu zuten abuztuan, herrialdean atentatuak gauzatzeko konspirazioa egitea egotzita. Samaha Siriako Gobernuaren eta Hezbollah talde xiitaren gertukoa da. Hori dela eta, Libanoko hedabideek atxiloketa hori Martxoaren 8 koalizioak osatzen duen gobernuaren aurkako erronkatzat hartu zuten— Hezbollah koalizioko partaide da—.

Horrez gain,zerbitzu sekretuen buruak parte hartu zuen 2005ean Rafik Hariri Libanoko lehen ministroaren aurka egindako atentatuaren ikerketan ere. Hilketa hura Ghazi Kaanan Siriako zerbitzu sekretuen buruari leporatu zioten. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak txosten batean adierazi zuen Siriak Haririren hilketan lotura zuela.

Hassanen ibilbidearen berriizanik, Libanoko hainbat alderdikSiriaren itzala ikusten dute atzoko atentatuaren atzean.Nadim Gemayel Libanoko Falange alderdi kristauko diputatuak «Siriak lehergailuak erabiliz egindako antzeko atentatuekin» alderatu du Beiruteko erasoa. Hain zuzen ere, haren alderdiaren egoitzatik 200 bat metrora egin zuen eztanda lehergailuak. Gemayelen ustez, Siriako Gobernuak Libanora eraman nahi du Siriako krisia.Oposizioko Etorkizuna alderdiak ere Damaskori egotzi dio atentatua, eta helburua Libanoko herritarrak «izutzea» dela uste du. Siriaren aldeko Libanoko alderdi batek, berriz, ohar batean iradoki du erasoak Israelen «aztarnak» dituela.

Damasko eta Hezbollah

Libanoko alderdi asko Al-Assaden gobernuari begira dauden bitartean, Omran Zubi Siriako Informazio ministroak gaitzetsi egin du Beiruteko erasoa: «Horrelako atentatuak beti dira gaitzesgarriak gertatzen diren lekuan gertatzen direla ere, eta ez ditu ezerk justifikatzen».

Hezbollah talde xiitak ere salatu du Beiruteko atentatu «kriminala», eta «batasunera» deitu ditu Libanoko indar guztiak, «herriaren eta herritarren segurtasuna bermatzeko». Nabi Berrih Libanoko Parlamentuko presidente eta Hezbollah taldeko kidea erasoaren aurka mintzatu da, eta adierazi du ez dela inor salatzeko unea: «Atentatuak utzi dituen ondorioak aztertu behar dira lehendabizi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.