Sei aste luzeren ondotik, Libanoko gehiengo parlamentarioak eta oposizioak, Hezbola buru duela, batasun nazionaleko gobernua eratzea hitzartu dute. Krisi politikoari amaiera eman zion Dohako akordioan jaso zuten bezala, Mendebaldearen sostengua duen gehiengo parlamentarioak eserlekuen erdiak baino gehiago eskuratu ditu: hamasei ministro izango ditu behin-behineko gobernuan. Oposizioak, berriz, Gobernuaren erabaki garrantzitsuenei betoa jartzeko adina ordezkari lortu ditu; 11 ministro, hain zuzen. Azkenik, Michel Suleiman Libanoko presidente hautatu berriak Gobernuan giltzarri diren hiru ministerioetako arduradunak izendatu ditu. Ia sei hilabetez hutsik egondako presidente kargurako izendatu zuten joan den maiatzean Suleiman.
Batasun nazionaleko gobernua eratzeko akordioa ere maiatzean hartu zuten Libanoko alderdiek, Dohan (Qatar). Hala, hemezortzi hilabetez luzatutako krisia gainditzeko lehen urratsa izan zen Suleimanen izendapena. Hurrengo pausoa Gobernua eratzea izan da. Alabaina, Hauteskunde Lege berria onartu eta datorren urtean Legebiltzarrerako bozak egiten dituzten arte egongo da indarren kabinete eratu berria. Iraungitze data laburra du, hortaz.
Duela bi urtetik, oposizioko bost ministrok dimisioa eman zutenetik, Libano krisi politikoan murgilduta egon da. Dimisioa eman zuten ministroetatik hiru Amalekoak eta bi Hezbolakoak ziren. Fuad Siniora lehen ministroak hartutako hainbat neurriren aurkako erreakzio gisa herrialdean liskarrak nagusitu zirenean, berriz, bi aldeak Qatarren bildu ziren auziari irtenbidea emateko helburuz, Liga Arabiarrak bitartekari lanak egin eta gero. Istilu haietan gutxienez 81 lagun hil eta 500 zauritu zituzten.
Hezbolaren armategia
Batasun nazionaleko gobernu berriak erabaki zailak hartu beharko ditu aurrerantzean. Besteak beste, Hezbolaren armategiarekin zer egin ebaztea dagokie ministroei.
Kabinetea osatzeko bi aldeek lortutako adostasunaren berri eman ondotik, Siniorak erdietsi beharreko helburu nagusiak bi direla azaldu du: erakundeen sinesgarritasuna berreskuratzea eta Hauteskunde Legea erreformatzea. Eztabaida kaleetan baino, Gobernuan egin behar dela gaineratu du lehen ministroak, azken maiatzeko liskarrak errepikatu ez daitezen.
Dohako akordioaren atal garrantzitsuena indarkeriari erreferentzia egiten diona da. Ezadostasunak indarkeriarik gabe ebatziko direla nabarmentzen du Qatarren lortutako konpromisoak.
Bestalde, EB Europako Batasunak urrats garrantzitsutzat jo du Libanoko batasun nazionaleko gobernuaren sorrera. Michel Suleimani, berriz, zoriondu egin dio egindako lanagatik. «Gobernuaren sorrera Dohako akordioa indarrean jartzeko bidean urrats garrantzitsua da», adierazi du Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak.
Libanoko lehen ministroak egindako lana ere goraipatu du EBk. Siniorari esker, bi aldeen jarrerak gerturatzea posible izan dela uste du Kouchnerrek.
Libanon batasun nazionaleko gobernua hitzartu dute alderdiek
Oposizioak, Hezbola buru duela, erabaki garrantzitsuenei betoa jartzeko adina eserleku lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu