Gutxienez hiru lagun hil eta bi zauritu ziren atzo Libano iparraldean izandako borroketan. Parlamentuan gehiengoa duten alderdien eta oposizioaren aldekoen artean izan ziren borrokak, juxtu herrialdeko hamalau talde politikoek elkarrizketa «historikoaren» lehen saioa amaiatu berritan.
Borrokak herenegun gauerdian hasi ziren, Akkar iparraldeko eskualdeko Bsama herrixkan. Parlamentuan gehiengoa duen FL Indar Libanoarraren aldekoak ziren tartean, batetik; eta bestetik, oposiziokoak, Madarada alderdiaren eta PSNS Alderdi Siriar Nazional Sozialaren aldekoak. Aidanez, oposiziokoaren aldekoek Indar Libanoarraren kartelak kentzean piztu ziren liskarrak. Tiroketak izan ziren horren ostean. Gertaera horien harira, poliziek Ghasan Ghazi PSNS alderdiko kidearen etxea miatu zuten, borrokak hasi zituena han ezkutatu zen susmoa zutelako. Hura atxilotu eta hainbat arma ere aurkitu zituzten bertan.
Egun garrantzitsuan itzal
Liskar horiek egun garrantzitsua ilundu dute. Izan ere, herenegun ekin zioten Libanoko hamalau alderdi politikoetako ordezkariek elkarrizketari, bi urtean elkartu gabe egon ostean. Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohiaren kontrako atentatuaren ondoren piztu eta hiru urtez luzatu den krisi garaia amaitze aldera ekin diote berriz ere elkarrizketari alderdiek. Herenegungo saioak emaitza zehatzik eman ez bazuen ere, elkarrizketaren arrakasta «eginkizuna» dela jakinarazi zuen Michel Suleiman presidenteak. Eta horiek hala, urriaren 5ean egingo dute bigarren bilera.
Bestalde, duela 26 urte gertatutako sarraskia gogoratu zuten atzo Beiruten. Libanoko hiriburuaren kanpoaldean zeuden Chatila eta Sabra errefuxiatu guneetan sartu eta 2.500 palestinar-haurrak tartean- hil zituzten Israelen aldeko milizianoaek 1982ko irailaren 16a eta 18a artean. Israelgo armadak Beirut okupatu ostean egin zuten erasoa, NBE Nazio Batuen Erakundeak genozidiotzat jo duena.
Libanon gutxienez hiru lagun hil dira eta beste bi zauritu liskarretan
Herrialdeko hamalau alderdiek ekindako elkarrizketa historikoaren ostean izan dira borrokak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu