Libanon suniten eta xiiten arteko gatazka gaiztotu du Siriako auziak

Gutxienez hamar lagun hil dira Tripoli hirian; Sirian «erabateko gerra arriskua» dagoela ohartarazi du Kofi Annanek

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Sirian liskarrek etenik ez duten bitartean, Libanon ere gaiztotzen ari da Siriako gatazkak suniten eta xiiten artean sortu duen tentsioa. Hala, Tripoli hiria borroken gertaleku bilakatu da beste behin, Baxar al-Assad Siriako presidentearen aldekoen eta kontrakoen liskarren ondorioz; Polizia iturriek jakinarazi dutenez,

ostiral gauaz geroztik gutxienez hamar lagun hil eta beste 31 zauritu dituzte.

Gehiengoa sunita den Bab al-Tabbaneh auzokoen eta gehiengoa alauita —xiiten adar bat— den Jabal Mohsen auzokoen artean piztu dira borrokak. Granadekin eta metrailadoreekin ari dira elkarri eraso egiten. «Gatazkak muga zeharkatzeko eta Libano berriz ere gerra zibilean hondoratzeko arriskua dago», dio Beiruteko Europako ordezkari batek.

Gatazka diplomatikoa, berriz, nazioartean ari da jokatzen azken egunotan. Mendebaldean, hain zuzen ere, esku hartze militarraren aldeko ahotsak gero eta ozenago entzuten hasi dira. Aurrezaurre, baina, Errusiaren ezezko borobilarekin egin dute topo. Vladimir Putin Errusiako presidentea limurtzea izango da, hain justu, EB Europako Batasuneko agintarien helburu nagusia gaur eta bihar San Petersburgo hirian egingo duten goi bileran. Siriako gatazkaren inguruan jarrera «malguagoa» eskatuko diote Moskuri. baina Errusiak argi esan du ez duela jarrera aldatuko, eta ez diela men egingo presioei.

Putinek Sirian «eragiteko duen ahalmena» erabiltzea nahi dute EBko ordezkariek, Siriako Gobernuak Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren plana errespeta dezan, su-etena, batik bat. Aste honetan, hain zuzen ere, Errusiako presidente izendatu berriak esan du bere helburua Sirian «gerra zibila lehertzea saihestea» dela. Moskuk dio ez dela Siriako presidentea babesten ari, AEBek eta Mendebaldeko beste hainbat herrialdek egotzi dioten bezala. Eta berretsi du Annanen plana dela Siriako gatazka gainditzeko irtenbiderik onena. Funtzionatu dezan, denbora gehiago eskatu die Putinek beste aukera batzuk —esaterako, esku hartze militarra— aipatzen hasi direnei.

François Hollande Frantziako presidenteak iragan asteazkenean esan zuenetik ez zuela baztertzen esku hartze militar bat, hain zuzen, ahots ugari altxatu dira aukera horren alde. Azkena Erresuma Batua izan da. Londresko Atzerri ministro William Haguek esan du ezin dela aukerarik baztertu, «egoeraren larritasuna» kontuan hartuta. Dena den, oraindik militarrak bidaltzeko unea iritsi ez dela gaineratu du. «Ez gara ezer baztertzen ari, baina Siriako esku hartze militarrak Libiakoa baino maila handiagokoa izan beharko luke eta horretarako nazioartean babes zabala beharko luke. Oraintxe bertan ez gaude une horretan».

Arabiar Ligaren eskaera

Iragan asteko Houlako sarraskiaz geroztik gero eta gehiagok aipatu dute Annanen planak porrot egin duela, baina Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil Elarabyk planari indar handiagoa emateko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari. Siriako indarkeria gelditzeko eta zibilak babesteko «behar diren neurriak» hartzeko eskatu du Elarabyk, baita nazioarteko behatzaile gehiago bidaltzea, eta horiei krimenak geldiarazteko eskumena ematea ere.

Annanek, berriz, Sirian «erabateko gerra» lehertzeko arriskuaz ohartarazi du. Arabiar Ligak Qatarren egin duen bileran esan ditu hitz horiek mandatari bereziak. Bilera horretan egon dira, halaber, SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko kideak. Oposizioko erakundeko buru Burhan Ghaliunen kritikek, berriz, Errusia izan dute jomuga, arazoaren zati bilakatu dela esan baitu. Izan ere, Moskuk Al-Assadi ematen dion babesak horri boterean jarraitzeko indarra ematen dio,Ghaliounen hitzetan.

Beste bertsio bat Houlakoaz

Mendebaldeak eta Damaskok bertsio kontrajarriak eman dituzte iragan asteko Houlako gertakarien inguruan. 108 zibil hil ziren. NBEren eta Mendebaldeko herrialdeen esanetan, militarren eta Xabihen —gobernuaren aldeko miliziako kideak— esku hil ziren, eta, Siriako Gobernuaren ustez, «talde terroristen» esku. Bi lekukoren testigantzetan oinarrituta, sarraskia Al-Assad babesten duten sendien aurka egin zutela azaldu zuen Siriako Sana berri agentzia ofizialak, atzo. Sortu berri den legebiltzarrean eserlekua lortu duen politikari baten familiari eraso egin ziotela dio lekukoetako batek, besteak beste. «Hiltzaileak dira, ez iraultzaileak». Herenegun, Siriako NBEko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariak azaldutakoa berretsi dute lekuko horiek: armatutakolagunek egin zutela erasoa nazioartearen presioa handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.