Ekialde Hurbila

Libanoren arabera, Israelek su-etena urratu du

Operazio militarra egin du goizaldean Israelgo Armadak Bekaa eskualdean. Eraso hori su-etenaren "urratze argia" izan da Libanoko Gobernuaren iduriko, eta hala esango dio NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritzari. Konfi Annan NBEko idazkari nagusiak egoera "zaila" dela ohartarazi eta herrialde kideei tropak bidaltzeko eskatu eta gutxira gertatu da operazioa. NBEren Libanoko bake indarretako lehen soldaduak (50 frantziar) iritsi berri dira, baina indar horiei egitura sendo eta zehatza eman ezinda jarraitzen dute Nazio Batuek.

2006ko abuztuaren 19a
14:37
Entzun
Bekaa eskualdean sarraldi handia egin du Israelek, NBEren bitartekaritzaz duela lau egun su-etena indarrean jarri zenetik handiena. Komando bat eta helikopteroak sartu dira Libano barrualdera, "Hezbolaren gotorlekuak" erasotzera. Erasoan "helburuak" bete dituztela nabarmendu du Israelgo Armadak nahiz eta soldauetako bat hil egin duten Hezbolako gerrillariek. Izan ere, milizianoek aurre egin diote Israeli. Hezbolako kideetako inor hil duten ez dago argi.

Nolanahi ere, Libanoko Gobernuak argi du operazio horren bidez Israelek su-etena hautsi duela. "Israelgo okupazio indarrek gaur Bekaan egindako sarraldia su-etenaren urratze argia da", adierazi du Fuad Saniora Libanoko lehen ministroak. Gaur arratsaldean NBEren ordezkaritza batekin batzartu beahr du Saniorak, eta urratzearen berri emango diola jakinarazi du.

Su-eten ebazpena aldarrikatzearekin batera, Libanon baketze indarrak zabaltzea erabaki zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Hala, indar horietako kide izango diren aurreneko soldadua iritsi dira: 50 frantziar.

Asmo hori gauzatzerakoan, ordea, zailtasunak sortu dira. Izan ere, estatu indartsuenek, Frantziak kasu, hasieran agindutakoa baino nahiko soldadu gutxiago bidaliko dituzte azkenean. Era berean, zenbait herrialdetako tropak onartzeko, Malaisikoak adibidez,eragozpenak jarri zituen atzo Israelek, arerio zituela argudiatuta.

Menia hausteko eta gatazka berriz pizteko arriskua dagoela iritzita, lehenbailehen Libanora tropak bidal ditzatela eskatu die NBEko herrialdeei Annanek. Israeli, berriz, blokeoa kentzeko galdegin dio. Izan ere, lurrez zein itsasoz blokatuta dauzka Israelgo Armadak Libanorako sarrerak, eta, ondorioz, laguntza humanitarioa sartzeko arazoak daudela salatu du Nazio Batuetako buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.