Israelgo Gobernuaren eta Legebiltzarraren Arteko Harremanetarako ministro Jacob Ederyk baieztatu du fosforo zuria erabili dutela, eta hainbat komunikabidek horren berri eman dute orain. Aitormena joan den astean egin zuen, Knesset-en -legebiltzarrean-, Meretz-Yahad zentro-ezkerreko koalizioko diputatu Zahava Gal-Onen galderei erantzunda.
«Israelgo armadak hainbat motako fosforo munizioa dauka. Fosforo obusak Hezbolaren aurkako gerran erabili zituen, eremu zabalean jomuga militarren aurka eginiko erasoetan», esan zuen Ederyk. Halere, ez zuen zehaztu noiz eta non jaurti zituzten bonba horiek.
Israelek uztailaren 12an Libanoren kontra hasitako erasoaldian-Hezbolak preso hartutako bi soldadu askatzearen argudioarekin- fosforo munizioa zibilen kontra erabili zuela salatu zuten Libanoko Gobernuak, medikuek eta hango zein atzerriko hedabideek. Hain justu, zibilen zaurietan fosforoak eragindako erreduren oso antzekoak edo berdintsuak atzeman zituztela zioten medikuek. Fosforo zuria erre egiten da airearekin bat egitean, munizioa lehertu ahala, eta zaurietan ez da itzaltzen harik eta oxigeno guztia ahitu arte.
Aditu batzuek diote fosforo munizioak arma kimikotzat jo behar direla, sortzen dituzten erredura motengatik eta arnas sistemari erasateagatik. Arma kimiko gisa, legez kanpoko arma bilakatuko litzateke fosforoa.
Nazioarteko Gurutze Gorriaren iritziz, gizaki ororen kontra -militar nahiz zibil- fosforoa erabiltzea guztiz debekaturik egon beharko luke. Arma Konbentzionalen gaineko Genevako Konbentzioaren 3. Protokoloak «arma sukoien» erabilera mugatzen du; fosforoa halako armatzat jotzen dute. Israelek eta haren aliatu nagusiek, AEBek, ez dute sinatu 3. Protokolo hori.
«SARRASKI ZITALA» GAZAN. Gutxienez zazpi palestinar hil eta beste 30 bat hil zituen atzo Israelgo armadak Gaza eskualdeko Beit Hanun hirian, Ramadan baraualdi musulmanaren bukaera ospatzeko egiten den Eid al Fitr jaialdiko lehen egunean. Familia bereko sei senide zeuden horien artean, tartean PRC Herri Erresistentziaren Batzordeak talde armatuko buruzagi bat, Atta al Shinbari.
Iturri palestinarren esanetan, eliteko unitate israeldar batek Al Shinbariri segada egin zion, hark familia bisitatzen zuelarik, Eid al Fitr jaiagatik zoriontzeko. Al Shinbari ailegatu ahala, hari tiro egin eta hura, bi anaia eta beste hiru senide hil zituzten, eta beste batzuk zauritu. Jarraian, Israelgo armadako soldadu gehiago iritsi ziren, eliteko unitateko kideen erretiratzea babesteko. Erresistentzia soldaduei tiroka hasi zen orduan, baina ez dago israeldarren biktimen berririk. Gainera, herenegun beste palestinar bat hil eta beste 15 zauritu zituen halako elite unitate batek Janin barrutiko Tamun herrian, Zisjordanian.
Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek «sarraski zital» iritzi zien Gazako hilketei.
Palestinarren arteko borroketan, berriz, Al Fatako lau ekintzaile hil zituzten Gazako Khan Junis hirian eta Al Bureij iheslari gunean eta Zisjordaniako Jeriko eta Tulkarem hirietan.
Avigdor Lieberman buru duen Yisrael Beitenu muturreko alderdi eskuindarra -palestinar guztiak kanporatzea proposatzen du, besteak beste- Kadima buru duen Israelgo koalizio gobernuari lotuko zaio gaur, atzo hala hitzartuta. Horrela, 120 diputatuetatik 78 kontrolatuko ditu Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek.
Lehertu gabeko
arriskuaLibanoko hegoan, gerran zartatu gabeko milioi bat bonba eta minak egunero hiru eta lau zibil inguru hil eta zauritzen dituzte orainjuanma sarasolaOlibondoen adarretan eta banana hostoetan trabatuta, soroetan ereinda, teilatuetan, etxaldeetan, bideetan, errepideetan, ikastetxeen inguruan sakabanatuta. Lehertu gabeko milioi bat bonba inguru geratzen dira oraindik Libanoko hegoaldean, Israelgo armadak joan den udako erasoaldian jaurtitakoak. Lehertu gabe daude, lur azpian ezarritako milaka mina bezala, baina gerra garaitik kanpo ere jendea hiltzen ari dira, herritarrek oharkabean hartzean edo zapaltzean.
Horixe salatu du Landmine Action taldeak (Lurreko Minen aurkako Ekintza), minek eta lehertu gabeko luku bonbek -milaka bonba txiki sakabanatzen dituztenak- zibilak hiltzen jarraitzen dutela. Era berean, nazioarteak arma horiek debekatzeko eskatu du. Taldearen arabera, egunero hiru eta lau zibil inguru hiltzen eta zauritzen dira munizio horren ondorioz. %35 ume edo gaztetxoak dira.
NBEren kalkuluei jarraiki, baliteke Libanoko hegoaldean lehertu gabeko 1.000.000 bonba egotea. Iragan uztailaren 12tik abuztuaren 15a bitartean, Libanoren kontra egindako erasoaldian, Israelgo armadak jaurti zituen luku bonbek -nazioarteak eremu zibiletan erabiltzea galarazten du- sakabanatutakoak dira.
Israelek eta Hezbolak abuztu erdialdean, NBEren 1701 ebazpenaren ondorioz, su-etena sinatu zutenetik, Libano berreraikitzeari ekin diote hala Hezbolak nola Libanoko Gobernuak. Nazioartea ere laguntzen ari da, batez ere giza laguntzan eta munizioa biltzen, baina oraindik ez dituzte Israelek jaurtitako eta lehertu gabe geratutako bonba eta mina guztiak indargabetu. NBEk dio 4.500 bonba bildu eta modu kontrolatuan eztandarazi dituela.
Iragan irailaren 27an, minak kentzeko NBEren agentziako zuzendari Chris Clarkek zehaztu zuen Israelek jaurtitako bonben %40 inguru ez zirela lehertu.
Europako Batasunak ere lehertu gabeko luku bonbez oharkizuna egin zuen, joan den ostiralean. EBren ECHO Giza Laguntzarako Zerbitzuaren Ekialde Hurbilerako koordinatzaile Julia Kochek esan zuen «lehenbailehen» garbitu behar direla bonba horiek dauden eremuak, «populazioarentzako oso arrisku handia baitira».
«Lehertu gabeko bonba gehiegi daudela badakigu, [indargabetu eta garbitzeko] prozesua motela eta garestia dela, baina lehenbailehen konpondu behar da arazoa, populazioak bere bizitza normalari berriz ekin ahal izateko».
HEZBOLA ERE SALATUA. Hezbolak ukatu egin du Israelen kontra luku bonbak erabili izana. AEBetan egoitza duen HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak iragan astean salatu zuen hark Txinan eginiko bi kohete jaurti zituela abuztuan, barruan ehunka bonba zituztenak.
Tel Aviveko gobernuak, berriz, luku bonbak nazioarteko legeriari jarraiki erabiltzen dituela dio, eta kexu da soilik bera kritikatzen dutelako, Mendebaldeko estatuek urte askotan erabili dituztela argudiatuta.