Libia berriaren urteurrena

Gaddafi hil eta urtebetera, haren hilketa ez da argitu, eta herrialdeak ez du egonkortasunik lortu

mikel rodriguez
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Gaur urtebete Libiako Surt hiritik ailegatu ziren irudi gordinek mundua astindu zuten. Sakelako baten bidez hartutako irudietan, Muammar Gaddafi ikus zitekeen zaurituta, odolez eta noraezean, bultzaka eta kolpeka mugitzen zuen armatutako jendetza baten erdian. Ondorengo sekuentzia ez da guztiz argitu, baina jarraian Libian 42 urtez agindu zuen buruzagia exekutatuta agertu zen. Hor jaio zen Libia berria, baina urtebeteren ondoren erditu gabe segitzen du: Tripolin aginte sendorik gabe, tokian-tokiko milizia boteretsuekin, eta Gaddafi eraisteko erabakigarriak izan ziren nazioarteko potentziak berriz esku hartzeko prest, garai batean koronelaren etsaiak ziren muturreko islamisten aurka egiteko argudiopean. 2011ko urriaren 20aXXI. mendeko nazioarteko historia errepasatzerakoan oroituko den datetako bat izanen da.

Gaddafiren aginteak 2011ko abuztuaren 23an jaso zuen ukaldi erabakigarria, Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak zuzendutako miliziek Tripoli hiriburua hartu zutenean. Hortik aitzinera, zenbait gotorleku gelditu ziren Gaddafiren esku. Hala ere, buruzagia harrapatu arte ezin amaiera eman gatazkari. Sinbolo bat behar zuten, garai zaharra bukatu zela, eta aro berria hasi zela adieraziko zuena. Mugarri bat. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Gaddafi atxilotzeko agindua emana zuen hasierako manifestazioetan zibilak hiltzeko agindu izana egotzita, baina Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Libian bertan epaitzeko asmoa agertu zuen. Azkenean, ez atxiloketarik, ez epaiketarik: harrapatu eta berehala hil zuten milizianoek, eta mundu guztiari erakutsi.

Frantziako zerbitzu sekretuak

Urtebete geroago, haren hilketak argitu gabe segitzen du. Lehen egunetako informazioa nahasia izan zen. NATOk Gaddafi harrapatzerakoan zerikusi zuzena izan zuen. Zehazki, Frantziak jakinarazi zuen Gaddafi Surtetik ihesi zihoala konboi batean, eta hegazkinetatik tiro eginda bidea oztopatu ziotela. Buruzagia haiek hil zutela ukatu zuen, baina.

Hil honen hasieran, Italiako Il Corriere de la Sera eta Erresuma Batuko The Daily Telegraph egunkariek argitaratutako informazioak Paris egin zuen hilketaren erantzule. Il Corriere de la Sera-ren arabera, Frantziako zerbitzu sekretuek zuzenean parte hartu zuten hilketan, Nicolas Sarkozy orduan presidente zenak Gaddafi desagerrarazi nahi zuelako, Libiako buruzagiak 2007an Frantziakoaren kanpainari emandako sostenguaren inguruko datuak argitaratuko zituelakoan. Mendebaldeko iturri diplomatikoak aipatu zituen Italiako egunkariak.

Milizien boterea

The Daily Telegraph-ek, berriz, Siriara eraman zuen Gaddafi harrapatzeko lorratza, Rami el-Obeid Libiako espioia iturritzat hartuz. Horren arabera, Damaskok Gaddafiren telefono zenbakia eman zion Parisi, Siriaren aurkako presioa baretzearen truke. Behin Gaddafiren kokapena aurkituta, hura harrapatzeko operazioa Frantziako zerbitzu sekretuek prestatu zutela dioEl-Obeidek.

HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ere hilketaren inguruko txostena atera du duela egun batzuk: Diktadore baten heriotza: mendeku odoltsua Surten. Gaddafi ez ezik, harekin konboian zihoazen 66 lagun miliziek exekutatu zituztela ondorioztatu du ikerketan, horien artean Mutassim Gaddafi seme zaharrena. Erakunde horrek dioenez, HRWko talde bat hilketa gertatu zen tokitik gertu zegoen, eta orduantxe hasi zuten ikerketa. Bertzeak bertze, Gaddafiren konboitik bizirik ateratako hainbat lagun, eta buruzagia harrapatu zutenean bertan zeuden milizianoak elkarrizketatu zituzten.

Gaddafi, Misrata hiriko miliziek harrapatu zuten. Gerra zibilean, Misratak hilabetetan eutsi zion armadaren setioari, eta, orain, egoera berriaren adierazleetako bat bihurtu da. Izan ere, herrialdeko milizia boteretsuenetako bat da, eta Tripolin eratzeko dagoen gobernuaren indar paralelo bat bihurtu da. Horren adibide, hil honetan Bani Walid hirian lehertu den gatazka, hiria hartzeko erasoaldiaren ekimena hartu baitu Misratak. Bani Walid Gaddafiren aldekoen azken gotorlekuetako bat izan zen. Hango bizilagun batzuei egotzi diete ustez Gaddafi harrapatu zuen milizianoa hil izana. Miliziak haiek atxilotzera sartu zirenean, ordea, herritarrek aurre egin zieten, eta hil honen hasieratik miliziek setiatuta dute hiria.

Gaddafiren ondorengo Libiaren batasun ezaren eta gatazken azken adibidea da Bani Walid. Parlamenturako hauteskundeak uztailaren 7an egin zituzten, baina gobernurik ez dute eratu oraindik. Borroken eta aitzineko estatu egituren suntsiketaren ondorioz, bizi maila ere jaitsi egin da. Osasunaren Munduko Erakundeak 2010ean Herrialdeen Elkarlanerako Estrategia txostenean Libiako osasun sistema publikoa eta alfabetatze politikak goraipatu zituen. Bizi mailaren inguruko sailkapenetan, Afrikan lehenbiziko postuan agertu ohi zen Libia, Hegoafrikarekin batera. Sistema publikoa estatuko enpresetatik jasotako irabazietatik finantzatzen zen —Gaddafiren sendiak eta hurbilekoek kontrolatzen zituzten—, batez ere petroliotik. Azken urteetan, Mendebaldeari hurbildu zen heinean, pribatizazio politikak areagotu zituen Gaddafik.

Orain, badirudi hori dela agintari berriek jarraituko duten bidea deuseztatuta gelditu den sare ekonomikoa eraikitzeko. Hil honetan egin da Tripolin Libiako «izaera ekonomikoa» finkatzeko konferentzia. Ekonomia arloko ministroek eta negozio munduko kideek hartu dute parte bertan. Horietako batek, Husni Bey enpresariak aldarrikatu du sektore publiko «garrantzitsua» pribatizatu egin beharko litzakeela, eta estatua negozioen sektoretik «erretiratu» beharko litzakeela.

AEBak esku hartzeko prest

Gaddafiren ondorengo Libiaren bertze ezaugarri bat da AEBen eragina. Azken urteetan aitzineko buruzagiak harremanak hobetu zituen Washingtonekin, baina orain Libia estu lotzeko posizioan dago Washington. Irailean ustez milizia islamista batek Bengazin enbaxadorea hil ondoren, berriz esku hartzeko aukera izan dute ahotan AEBetako agintariek. Etxe Zuriak jada Kongresuari baimena eskatu dio zortzi milioi dolar Libiara bideratzeko, muturreko islamisten aurka ariko den «eliteko talde bat» prestatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.