Muammar Gaddafi boteretik kendu zutenetik, Libian nahasmen politikoa da nagusi. Parlamentuak martxan jarri du herrialdeko lehen ministro berria aukeratzeko prozesua, bost egunean bi aldiz Mustafa Abu Xagur egungo lehen ministroak aurkeztutako bi balizko gobernuak atzera bota ondoren. Libiako Parlamentua osatzen duten 200 ordezkarietatik 125en arabera, hark aurkeztutako zerrendek ez dute islatzen Libiako batasuna, bertan ez baitaude ordezkatuta herrialdeko eskualde guztiak.
Hori dela eta, Libiako diputatuak dagoeneko hasi dira Abu Xagurren karguan nor jarri eztabaidatzen. Irailaren 12an lehen ministro izendatu zutenetik gobernua osatzeko zeregina izan duAbu Xagurrek. Haren proposamenek, ordea, ez dute behar adina babes lortu parlamentuan, eta hilabete baino gutxiago iraun ahal izan du karguan. Ordezkoa hautatu bitartean, parlamentuak Abderrahim El-Kib izendatu du jarduneko lehen ministro, aurreko lehen ministroa.
Parlamentuak ebatzi duenaren arabera, hurrengo lehen ministroa nazionalista eta independentea izango da. Bozketa egin aurretik, kargurako hautagaiak talde parlamentarioen eta diputatu independenteen artean adostuko dituzte. Sistema hori babestu dute 200 diputatuetatik 142k. Prozesu hori aurrera eramateko aurreko Kongresu Nazionalak idatzitako behin-behineko konstituzioan erreformak egin beharko ditu parlamentuak. Omar Hamidan bozeramaileak azaldu du konstituzioa aldatzea beharrezkoa dela lehen ministro kargua El-Kiben esku uzteko ere. Bestalde, esan du gobernu bat eraikitzea «ezinbestekoa» dela segurtasun arazoak konpontzeko.
«Larrialdi kabinetea»
Hain zuzen ere, Abu Xagurrek bi balizko gobernu aurkeztu ditu bost egunean, baina bi proposamen horiek baztertu egin dizkio Libiako Parlamentuak. Horietako lehena asteazkenean aurkeztu zuen Abu Xagurrek. Balizko gobernu hori 25 ministrok osatuko lukete —horietatik bakarra litzateke emakumea—. Diputatu askok egotzi zioten herrialdearen batasuna islatzen ez zuen gobernu bat eratzea. Horrez gain, Libiako eskualde guztiak ordezkatuta ez egotea ere gaitzetsi zuten diputatuek. Asteazkenean bertan herritar talde batek parlamentuaren egoitza inguratu zuen, protesta gisa. Erreakzio horiek ikusita, Abu Xagurrek berak bertan behera utzi zuen aurkeztutako zerrenda, eta parlamentuak hiru eguneko epea eman zion balizko gobernu berri bat osatzeko.
Hori horrela, «larrialdi kabinetea» deitutako beste gobernu bat aurkeztu zuen igandean parlamentuan, «salbuespenezko egoera batean dagoen herrialde baterako salbuespenezko gobernua». Hamar ministrok osatutako talde bat aurkeztu zuen, hain zuzen ere. Abu Xagurren arabera, plan politikoak gauzatzeko eta herrialdeko segurtasuna bermatzeko talde «egonkorra eta trinkoa». Parlamentuak, baina, proposamen hori ere atzera bota zuen herenegun bertan; 200 diputatuetatik 125ek gaitzetsi zuten.
Abu Xagurrek gobernua eratzerakoan jasandako «presio gogorrak» salatu zituen, ostegunean parlamentuan egindako aurkezpenean. Haren esanetan xantaia egiten saiatu dira batzuk, «gaitasunetan» oinarritutako gobernu bat eratu beharrean, eskualdeetako ordezkaritza izango zen gobernu bat eratzeko.
Bani Walid, inguratuta
Egoera gatazkatsuaren adierazle, Bani Walid ipar-mendebaldeko hiria inguratuta dute miliziek. Igaro den astean Libiako Kongresu Nazionalak baimena eman zien Defentsa eta Barne Ministerioei Gaddafi hil izana aldarrikatu zuen milizianoaren ustezko hiltzaileak atxilotzeko. Baimena jaso ondotik, Bani Waliden sartzen saiatu dira miliziak, ustezko hiltzaileak atzemateko.
Iazko gerran Gaddafiren aldekoen azken gotorlekua izan zen Bani Walid. Oraingoan ere, hango herritarrekgogor egin die aurre miliziei, eta ez diete utzi hirira sartzen. Hori dela eta, inguratu egin dute Bani Walid. Herritarrek salatu dute janaria sartzen ere ez dietela uzten. Amnesty Internationalek agintariei «beharrezkoak ez diren neurriak» ez hartzeko eskatu die, eta oinarrizko hornigaien sarrera ez oztopatzeko.
Libia gobernatzeko ezintasuna
Parlamentuak martxan jarri du Abu Xagur lehen ministroaren ordezkoa aukeratzeko prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu