Protestak herrialde arabiarretan

Libia itsu, mutu eta gor

Muammar Gaddafiren erregimenak kontrol zorrotza ezarri du protesten inguruko informazioari buruz, eta ia ez dago atzerriko prentsarik herrialdean.

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Afrika iparraldeko erregimenen artean, Libiakoa izan da beti bereziena. Barne antolamendu berezia du—alderdi politikorik gabe, herri komiteen bidez—, eta Muammar Gaddafi koronelak inguruko diktadoreek eduki ez duten karisma du. Bai antolamenduarengatik bai liderrarengatik, Libiak ingurukoek baino sistema hertsiagoa eratu du, eta horren ondorioak nabarmen nabaritu dira azken egunotako protestetan. Tunisia, Egipto eta Bahrain ez bezala, Libia nazioartearekiko itsu, mutu eta gor dago.

Gaddafiren erregimena beti izan da atzerriarekiko hertsia, baina oposizioa gogor oldartu zaion honetan, informazioarekiko kontrola are gehiago zorroztu du. Ia ez dago atzerriko prentsarik, eta istiluei buruzko informazioa aski nahasgarria da. HRW Humans Rights Watchek emandako datuen arabera, azken hiru egunetan, 84 lagun hil dira protestetan. Informazioa ospitaleetatik eta lekukoen bidez jaso duela dio HRWk. AI Amnesty Internationalen arabera, berriz, gutxienez 46 lagun hil dira epe berean. Libiako Kurina egunkari ofizialistaren arabera, 36 dira hildakoak.

Estatuaren oinarria diren herri komiteek Al Jazeera katean finkatu dute euren amorrua, eta «inperialismoaren tresna» izatea egotzi diote. Al Jazeera-k salatu duenez, Libian duen seinaleari eraso egin zioten atzo, eta handik emititzeko arazoak izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.