Muammar Gaddafi Libiako agintariaren seme Saif al Islamek esan du bere aita prest dagoela herrialdean hauteskundeak egiteko hiru hilabeteren buruan. "Bozak gardenak izateko", nazioarteko behatzaileek ikuskatuta egingo lituzkete, agintariaren semeak gaur Corriere della Sera Italiako egunkariko elkarrizketa batean adierazi duenez. "Europako Batasuna, Afrikako Batasuna, Nazio Batuak eta NATO bera onartzen ditugu ikuskatzaile bezala".
Saif al Islamek uste du eurek irabaziko lituzketela hauteskundeak, Muammar Gaddafik oraindik ere Libian indarra duelakoan. "Grarantzitsuena bozak garbiak izatea litzateke, iruzur susmorik ez dadila egon, eta orduan ikusiko litzateke gure aita zeinen ezaguna den Libian. Ez dut zalantzarik: herritarren gehiengo handi bat gure aitarekin dago, eta errebeldeak islamdar integrista fanatiko eta kanpotik xaxatutako terrorista gisa ikusten ditu, Nicolas Sarkozyren aginduetara dauden mertzenario gisa".
Gaddafi 1969tik dago boterean. Duela hilabete batzuetatik Libian bere aurkako altxamendua egiten ari dira herritarrak, NATOk militarki lagunduta.