Protestak herrialde arabiarretan

Libiak su-etena aldarrikatu du, NBEren ebazpena onartuta

Bart NBEk Libian esku hartzea erabaki ondoren hartu du erabakia Afrika iparraldeko herrialdeak. Lehenago aire eremua ixtea erabaki dute. Oposizioak esan du Gaddafiren armadak ez duela su-etena bete eta erasoek berean dirautela. Frantzia eta Erresuma Batua izan dira nazioarteko esku hartzea gehien bultzatu duten bi herrialdeak.

2011ko martxoaren 18a
19:30
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundearen erabakiak erantzun azkarra izan du Libian. Muammar Gaddafi koronelaren gobernuak su-etena aldarrikatzea erabaki du, NBEk aire eremua ixtea eta parte hartzea erabaki ondoren, Libiak erasoak amaitzea erabaki du. Musa Kusa Atzerri ministroak eman du erabakiaren berri, NATOren balizko esku hartzeak "Libiako burujabetza urratzen" duela adierazi duen arren.

NBEren segurtasun kontseiluak bart erabaki zuen esku hartzea, Libiako "zibilak babesteko" asmoarekin. Segurtasun Kontseiluak erabaki "historikoa" hartu duela esan du Ban Ki-Moon NBEren idazkari nagusiak. Francois Baroin Frantziako Gobernuko bozeramaileak goizean jakinarazi du Frantziak Gaddafiren kontrako operazio militarrean parte hartuko duela, eta gaineratu du ordu gutxi barru izango dela. Dena den, parte hartze militar horretatik kanpo utzi nahi ditu NATOko soldaduak.

Aire eremua ixteko mobilizatuko diren herrialdeen artean lehena izan da Frantzia parte hartuko duela iragartzen. Erresuma Batua ere hasi da gerrarako hegazkinak prestatzen, David Cameron lehen ministroak baieztatu duenez. NBEk okupazio indarren parte hartzea baztertu du, edonola, alegia, ez da lurreko tropen mobilizaziorik izango. Libiako petrolio enpresa nazionalaren eta banku zentralaren aktiboak blokeatzea ere erabaki dute.

Aurrerantzean Gaddafiren hegazkinen bat aireratzen bada, botatzeko konpromisoa hartu du NBEk, eta esku hartzea haratago ere joan daiteke, zibilak babesteko hartu beharreko "neurri guztiak" hartzea onartu baitute. Segurtasun kontseilua osatzen duten hamabost kideetatik hamarrek alde bozkatu dute, eta bost abstenitu egin dira: Errusia, Txina —bi horiek beto eskubidea zuten—, Alemania, Brasil eta India.

Erabakia Frantziak, Erresuma Batuak eta Libanok bultzatu dute, eta orain ikusteko dago Frantziaz gain nork jarriko duen indarrean ebazpena. Liga Arabiarrak joan den larunbatean eskatu zuen aire eremua ixtea, baina litekeena da praktikan NATOk hartzea erabakiaren erantzukizuna. Hala ere, Nicolas Sarkozyk operazioan Liga Arabiarrak eta Afrikako Batasunak parte hartzea nahi du.

Zibilak babestea du helburu NBEren ebazpenak, gatazka armatua hasi zenetik Gaddafik agindu dituen bonbardaketak eteteko. Gaddafiren indarrak Bengaziren atarian daude orain, oposizioaren hiriburu eta azken gotorlekuan. Oposizioko Kontseilu Nazionalak, nahiz eta aire eremua ixtea nahikoa ez dela esan, pozez hartu du NBEren erabakia, eta bi astez atzera egin ondoren, garaipen moral garrantzitsua da eurentzat.

Su-etena indarrean?

Gaddafik, su-etena aldarrikatzea erabaki aurretik, mehatxu egin du nazioartearen esku hartzerik badago "infernua" izango dela, eta atzo erabakiaren berri jakin aurretik Mediterraneoko herrialdeak erasotzearekin egin zuen mehatxu. Saif al Islam haren semeak NBEren ebazpenaren berri jakin ondoren ere erantzun egingo dutela agindu du.

Zehazki, "Franco Madrilen sartu zen bezala" sartuko dela bera Bengazin esan du. Atzo 48 ordu eman zizkien Bengaziko herritarrei hiria uzteko, eta azken erasoa gaur egingo zuela iragarri zuen. Kontseilu Nazionalaren buru Mustafa Abdel Jalilek ez dituela kokilduko erantzun dio.

NBEren ebazpenaren berri izan duenean, hasieran, zuhurtziaz erantzun dute. Esku hartze militarraren inguruan, aire eremua ixtea erabaki du lehenbizi Afrikako herrialdeak. Eurocontrolek jakinarazi duenez, Gaddafiren gobernuak behin-behineko itxieraren berri eman die Maltako agintariei.

Ika-mika dialektikoa piztu da ere Gaddafiren eta oposizioaren artean. Soldaduek Bengazi inguratu dute, eta goizean Misratari eraso diote, oposizioaren arabera. Su-etena iragarri ondoren ere armadak hainbat hiri erasotzen jarraitu duela arbuiatu dute. Gobernuak, baina, ukatu egin du gaur inongo erasorik egin dutenik. Horregatik, Turkiako eta Maltako gobernuei egungo egoera gainbegiratzeko eskatu die, su-etena indarrean dagoela ziurta dezaten.

Petrolioaren prezioak gora egin du

NBEren erabakiak izan ditu dagoeneko lehenengo ondorioak. Erabakiaren berri jakin denean, Brent upelak nabarmen egin du gora, eta martxoaren 7tik lehen aldiz, upel bakoitzak 117 dolarretik gora balio du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.