Siria eta Aljeria izan ezik, Arabiar Liga osatzen duten gainontzeko herrialdeak Libiako aire espazioa ixtearen alde agertu dira gaur Kairon egin duten bileran. Libian gertatzen ari denaz hitz egiteko elkartu dira herrialde arabiarretako agintariak, eta erabaki horren alde agertu ondoren, litekeena da Nazio Batuen Erakundeak erabakia lehenbailehen indarrean jartzea. Izan ere, aste osoan izan diren adierazpenen ondoren Arabiar Ligaren onespera besterik ez zela falta zirudien. Eskaera hori bideratuko du orain Arabiar Ligak.
Oposizioa biltzen duen Libiako Kontseilu Nazionalak txalotu egin du Arabiar Ligaren erabakia, eta orain, Europako Batasunak atzo egin zuen moduan, Kontseilu Nazionalaren zilegitasuna aitor dezan eskatu dio. Diplomazian ditu Gaddafiren aurkako oposizioak bere itxaropenak jarrita. Izan ere, pixkanaka atzera ari dira egiten, batez ere, bonbardaketen ondorioz. Aire espazioa ixten badute, garaipena bikoitza izango da oposizioarentzat, babesa jasotzeaz gain horrenbeste kalte egiten ari zaizkion bonbardaketak eten baitaitezke. Arabiar Ligaren erabakiaren ostean, Siria eta Aljeria aurka agertu arren, Gaddafi geroz eta bakartuago dago.
Gaddafik Ras Lanuf petrolio gunea mendean hartu du
Muammar Gaddafik Ras Lanuf hiria mendean hartu du azkenean. Hainbat egunetako borrokaren ondoren, errebeldeek Libiako petrolio gune nagusietako bat atzean utzi behar izan dute, eta hiriaren kanpoaldean hartu behar izan dute babesa, hogei kilometrora. Ras Lanufetik 110 kilometrora, Bregan, bonbardaketak lurretik, airetik eta itsasotik jarraitzen du, eta, zenbait albisteren arabera, errebeldeak ere hortik ihes egiten hasi dira.
Ras Lanuf Bengazitik 450 kilometrora dago, eta hiria bere kontrolpean hartuta kolpe gogorra eman dio Gaddafik oposizioari. Brega ere mendean hartzen badu, Bengazi izango litzateke oposizioaren azken gune garrantzitsu bakarra, eta bertan izango litzateke, inoren esku hartzerik ez bada, Gaddafiren aldekoen eta kontrakoen arteko azken borroka. Aurretik, ordea, litekeena da Ajdabija hartu behar izatea, oposizioa bertan gotortzen bada.