Libiako amazighak, lekurik gabe

Amazighek Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekin harremanak etetea erabaki dute, Libiako Gobernutik at utzi dituztelakoGaddafiren kontrako borrokan amazighak lehenetakoak izan ziren armak hartzen

Muhamadi Bagdadi, Muammar Gaddafiren lehen ministroa zena estraditzearen aldeko manifestazioa Zuuara hirian, azaroaren 16an. KARLOS ZURUTUZA.
Wail Khalid Moammer
Tripoli
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Amazighak Libiako Gobernutik erabat kanpo dituztela argudiatuta, NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekiko harremanak etetea eta hango kide izateari uztea erabaki du, behin-behinean, Zuuara hiri amazigeraduneko Udal Kontseiluak; Libia osoan, Zuuarako Udal Kontseilua da libreki hautatutako bakarra. Horrez gainera, Zuuarako Kontseiluak manifestazio bakezaleak egitera deitu du, bazterketa etengabea bertan behera uzten duten arte. Antzeko urratsak egin dituzte beste hainbat hiri amazigeradunetan ere; tartean, Elgalan eta Jadunen.

Askapen egunaren ondoren, urriaren 24an, NTCk iragarri zuen «Libia Berriko lehenbiziko gobernua» eratuko zuela. NTCk Abdurrahim El Keib —euretako bat— hautatu zuen lehen ministro, eta hark bere burua izendatu zuen bere gobernu taldeko kideak hautatzeko, nahiz eta NTCk libiarrei hitzemana zien Libiaren askapenaren ondoren bere kideek uko egingo ziotela eta hurrengo lau urtean ezin izango zutela hartu inolako kargu politikorik.

Gobernu taldeko kideak jakinarazi zituztenean, gobernuan amazigera hiztun bakar bat ere ez zegoela jakin zuten amazighek. Horrez gainera, Fathi Terbel abokatua izendatua zieten Gazteria eta Kirolak saileko ministro, kirol arloan inolako prestakuntzarik gabea izanagatik. Terbel jauna amazighen kontrakoa da, argi eta garbi, eta, NTCko kide denez gero, ez du eskubiderik halako kargu bat hartzeko lehen-lehenik.

Lehen ministro berriak hitzemana zuen teknokraten gobernu bat eratuko zuela, eta ez eskualde edo etnia baten aldeko inolako joeratan oinarritutakorik. Amazigera hiztun diren hiri guztiek modu anonimoan onartutako irizpidea.

«Hasieran, ez nekien zer esan nahi zuen 'teknokrazia' hitzak, eta ikertzen ibili nintzen», esan du ingeniaritzako ikasle amazigh batek, Jubas Halab-ek. «Iruditu zitzaidan kontzeptu egokia izan zitekeela trantsizio aldi baterako; baina ezustekoa hartu nuen, jabetu bainintzen gobernu berriak bestelako irizpide batzuk zituela oinarritzat».

Gobernuak azaroaren 21ean iragarpena egin eta berehala, eserialdi bat antolatu zuten Tripoliko Martirien plazan. Joan den azaroaren 27an izan zen manifestaziorik handiena, Tripolin, eta hantxe bildu zen herrialde osoko amazigera hiztun kopururik handiena—; harrezkero, manifestazio ugari egin dituzte hainbat hiri amazigeradunetan.

«Hemen gaude gaur, gure ahotsa entzunarazteko, mundu guztiari adierazteko Libia Berria guztion herrialdea dela, amazighena eta arabiarrena. Aurrerantzean ez dugu onartuko inolako bazterketarik», dio Ajoob Sufian izeneko manifestari batek; «Gobernu hau ez da teknokraten gobernu bat; mesedeen gobernu bat da, eta hiri baten alde dihardu, beste hiri baten edo bestelako etnia baten kontura».

Manifestazioak

Martirien plazatik abiatu ziren manifestariak, eta Tripoli erdiguneko kaleetan zehar ibili ziren, lehen ministroaren bulegorainoko bidean; Libiako hainbat hiritako arabiar hiztunak izan zituzten bidelagun. Harik eta lehen ministroaren bulegoan ate-joka amaitu zuten arte. Hauexek izan ziren egin zizkioten eskabideak: amazighek erabateko ordezkaritza izatea gobernu taldean, uztea behingoz amazighak etengabe baztertzeari eta hizkuntza ofizial gisa onartzea amazigera, arabierarekin batean.

Amazighak, batzuetan berbere ere deituak, Libiako biztanle indigenak dira. Amazigera izeneko hizkuntzan mintzo dira. Komunitate amazigeradunak, berriz, Libia osoan daude: mendebaldean, ekialdean, iparraldean eta hegoaldean. Hala nola Mediterraneoko kostaldean, eta mendialdeko eremuetan barrena, desertuko tuareg komunitate ezagunetarainoko bitarte guztian. Historiaren joanean, ibadismoari atxiki izan zaizkio amazighak; islamaren beste adar bat da, gehien hedatuta dauden haren eskola nagusi biak (sunita eta xiita) ez bezalakoa.

Gaddafiren garaian, legez kontrakoa zen amazigeraz aritzea; diktadoreak modu oldarkorrean galarazia zien. Amazigeraz idatzitako erosketa zerrendarik eramanez gero aldean, urteetako kartzela zigorra ezar ziezaioketen edonori, ez bazen okerragorik. Are gehiago, galarazita zeuden amazighen beste hainbat kultur ezaugarri, baita ibadismoa ere; Libian, hain zuzen, amazighekin lotzen dute ibadismoa. Lau hamarkada hauetan, konfiskatu eta erre egin ditute ibadismo liburuak; imam ibadiak ere erail, espetxeratu, torturatu, erbesteratu eta ezkutuan bizitzera behartu dituzte. Guraso ibadien seme-alabak suniten islama ikastera behartu izan dituzte, eta islamaren bestelako adarrak salatzera.

Amazighek, Libiako beste jende askok bezala, behin baino gehiagotan errefusatu izan dute Gaddafi 42 urte hauetan; aurten, Libiako matxinaden barruan, Bengaziri batzen lehenak izan dira. Hantxe frogatu dute ezinago baliotsuak direla, besteak beste, Gaddafiren indarren kontrako borrokan, eremu estrategiko ezinbestekoak kontrolatzen, eta ekintzaile eraginkorrak, beste hainbat hiri askatzen —Tripoli barne—, eta berebiziko garrantzia izan dutela Libiaren kausaren aldeko babes nazioartekoa biltzeko ahaleginean.

Duela zenbait hilabete, borrokak areagotu egin ziren, eta, orduan, harri eta zur geratu ziren amazighak, ikusi baitzuten NTCk konstituzioaren zirriborro bat egina zuela eta han ez zela hizkuntza ofizial gisa onartzen amazigera arabierarekin batean. Sentipen berbera sortu zien, era berean, ikusteak ordezkaritza urria zegokiela NTCren gobernu taldean, Libia Berriko jarduneko lehen gobernuan.

Areagoko ekintzak

Oraingoz, gobernuak ez du erantzunik adostu manifestarien eskariei dagokienez. NTCko presidentea, berriz, telefonoz elkarrizketatu zuten azaroaren 28an Libya-Awalan-TV katekoek —Libiako telebista kate berrietako bat da—, eta protestan zebiltzanei buruz esan zuen «atzerriko agendaren arabera» zebiltzala; haiei buruz ari zela, hitzez hitz itzulita, esan zuen «artaldetik kanpo marraka» zebiltzala.

Manifestariek beste protesta ekitaldi handi eta jendetsua egin zuten abenduaren 4an, eta gaur arte, bere hartan iraun du Tripoliko Martirien plazako eserialdiak. Amazigera hiztunak ez diren beste hainbat komunitatetako jendea ere bildu da eserialdira —besteak beste, Misrata, Bengazi, Tubruk, Daran, Sujuma eta Tajurakoak—, amazighen eskubideen aldeko elkartasuna adieraztearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.