Muammar Gaddafiren erregimenak garaipen militar garrantzitsu bat izan du Libiako ekialdean, Ras Lanuf hiriaren kontrola berreskuratuta —Tripolitik 700 kilometro ekialdera—. Aste osoan bonbardatu ondoren, atzo lurretik, airetik eta itsasotik ere erasoaldi bortitza egin zuten Gaddafiren indarrek Ras Lanufen aurka, eta, horren ondorioz, oposizioko milizianoek hiria utzi eta ekialderago ihes egin behar izan dute. Erregimenaren erasoaldia, ordea, ez da soilik Ras Lanufera mugatu, eta ekialderago dagoen Brega herria ere bonbardatu du. Mendebaldean, berriz, Az Zauija hiria herenegundik kontrolpean duela dio erregimenak, baina oposizioak ukatu egin du hori.
Ras Lanufeko milizianoak Bregara erretiratu dira —200 kilometro ekialdera—, oposizioko indarren komandante batek Al Jazeerari jakinarazi dionez. Iturri horren arabera, «dozenaka» hil dituzte bonbardaketetan eta bertzelako erasoetan. Oposizioko iturri militarrek aitortu dute Gaddafiren aldekoen baliabide militarrak hobeak direla. Iman Bugaigis erreboltarien eledunetako batek azaldu duenez, erasoaldian jaurtitako bonbak etxebizitzen eta anbulatorio baten gainera ere erori dira.
Oposizioko Kontseilu Nazionaleko bozeramaile Abdelhafiz Gogak, ordea, Ras Lanufen kontrola galdu dutela ukatu du, eta erasoaldia «soilik bereizketarik gabeko bonbardaketa» izan dela adierazi du. Ras Lanuf oposizioaren «defentsarako fronte garrantzitsuena» dela azaldu du. Kontseilu Nazionala Bengazin dago, Ras Lanufetik 450 kilometro ekialdera.
Erasoak frontetik haratago
Bi hiri horien arteko eremuan ere sarraldiak egin dituzte Gaddafiren indarren hegazkinek, Brega bonbardatzeko. Herri hori eskuratzen iragan astean saiatu zen erregimena, baina oposizioko milizianoek erasoei eutsi eta Bin Jauaderaino aurreratzea lortu zuten —Ras Lanufetik 50 kilometro mendebaldera—. Orain, ordea, Bin Jauad eta Ras Lanuf galdu, eta Bregara erretiratu dira berriro. Brega airetik ez ezik, itsasotik ere bonbardatu dutela dio Al Jazeerak. Ras Lanuf eta Brega petroliogune garrantzitsuak dira, eta estrategikoki garrantzi handia dute.
Mendebaldean, berriz, Az Zauia eta Misrata hiria dira gatazka toki nagusiak. Gaddafiren indarrek aste honen hasieratik diote Az Zauia kontrolpean dutela, baina Al Jazeerak dio, oposizioko iturriak aipatuz, hiriaren erdigunean borrokan ari direla oraindik. Estatuko telebistan Gaddafiren aldeko manifestarien irudiak eman dituzte Az Zauiaren «askapena» ospatzen. Erregimenak dio oposizioko milizianoek hiri horretan egindako «exekuzioen» frogak dituela. Misrata, Libiako hirugarren hiririk handiena setiatuta dute Gaddafiren indarrek, eta elikagai eta sendagai eskasia pairatzen ari da.
New York Times-ek argitaratu duenaren arabera, Gaddafik dirutza du Tripolin gordeta, eta, horren bidez, gerra finantzatu dezake, nazioarteko zigor ekonomikoak saihestuz. Diktadorearen seme Seif el Islamek iragarri du ez dutela oposizioarekin —«terroristekin»— negoziatuko, eta Mendebaldeak esku hartuta ere ez direla errendituko adierazi du. «Ez diegu beldurrik ez AEBen flotari, ez NATOri, ez Frantziari».
Armen bahimendua auzitan
NATOk atzo hasi zuen Libiaren egoera aztertzeko bilera —gaur bukatuko du—. Aliantzako idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek jakinarazi duenez, Libian esku hartzeko hiru baldintza bete behar dira derrigor: «Froga daitekeen beharra» egotea, «legezko oinarri argia» izatea, eta eskualdeko herrialdeen oniritzia. Aliantzak eztabaidatuko dituen neurrien artean daude aire eremuaren debekua, giza laguntza bermatzeko bide bat sortzea, eta armen enbargoa ezartzea. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak otsailaren 26an onartu zuen armen bahimendua ezartzea, baina hartarako eskumena zeinek duen zehaztu gabe. Beraz, NATOk NBEren bertze ebazpen bat behar du enbargoa gauzatzeko.
Arlo diplomatikoan, berriz, Frantziak Libiako oposizioaren Kontseilu Nazionala herrialde horren legezko ordezkaritzat onartu du. Erresuma Batuarentzat, «zilegitasuna duen solaskidea» da Kontseilu Nazionala. EB Europako Batasunak ez du onartu erakunde hori Libiako legezko ordezkari bezala, baina kontsentsurik ere ez du lortu. Europako Kontseilua gaur elkartuko da Libiako egoera aztertzeko.
Protestak herrialde arabiarretan
Libiako ekialdeari airez, lurrez eta itsasoz eraso dio Gaddafik
Bonbardaketa gogorren ondoren, erregimenak Ras Lanuf hiritik ekialdera bidali ditu oposizioko milizianoakOposizioaren Kontseilu Nazionala aitortzen lehenengo herrialdea izan da Frantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu