libia

Libiako erasorako "zuzendaritza politikoa" eratzea nahi du Frantziak

Aliatuen artean desadostasunak daude. Misrata gogor bonbardatzen ari da Gaddafi, oposizioak dioenez.

2011ko martxoaren 22a
19:08
Entzun

Alain Juppe Frantziako Gobernuko Atzerri ministroak esan du Libiako eraso militarrari buruzko "zuzendaritza politikoa" eratu beharko luketela bertan parte hartzen ari diren erakunde eta herrialdeek, eta hori guztia kudeatzeko mekanismoak jarri beharko lituzketela —bilerak-eta—. Frantziako Asanblada Nazionalaren aurrean mintzatu da Juppe, eta iragarri du datozen egunetan Bruselan edo Londresen batuko direla.

Nazioartea lehengo larunbatetik Libian operazio militarra egiten ari da, Muammar Gaddafi agintariaren indarra apaldu nahian, baina aliatuen desadostasunek dudak sortu dituzte. NATOren bilera akordiorik gabe amaitu zen atzo. Frantziak, AEBek eta Erresuma Batuak nork bere aldetik erasotzen segitzen dute, eta deskoordinazioa agerikoa da.

Juppe Frantziako ministroak gaur jakinarazi du zuzendaritza hori eratzeko proposamenaren berri eman diola Erresuma Batuari.

Halaber, esan du Libian lurreko erasoak egitea baztertu egiten duela nazioarteak —"Nazio Batuen ebazpenak ez duelako baimentzen"— eta operazioa "laburra" izango dela. "Gure asmoa hori da, baita AEBena ere".

Gaddafiren erregimenari aginduak betetzeko dei egin dio Juppek. "Kasu horretan, operazioa geratu egingo da".

Aliatuen erasoek arnasa eman diote oposizioari, eta hark dio ez dagoela Gaddafirekin elkarrizketatzeko prest.

Misratara bonbak Gaddafik

Gaddafiren indarrak Misrata hiria gogor bonbardatzen ari direla esan du oposizioak. Libiako hirugarren hiririk handiena da Misrata, eta Tripoli hiriburutik 210 kilometrora dago. 

Samuel Locklear AEBetako armadako almiranteak esan du Gaddafik zibilen kontra egiten segitzen duela.

Libiako agintariak Bengazira "martxa berdea" egitera deitu zuen atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.