Bani Ualideko frontea, Tripolitik 150 kilometro hego-mendebaldera, azken egunetan baino bareago egon zen atzo, baita Surt Muammar Gaddafiren jaioterriko frontea ere, hiriburutik 360 kilometro inguru ekialdera. Ostiralean borroka latzak izan ziren matxinoen eta Gaddafiren aldekoen artean bi hirietan. Erregimenaren gotorleku nagusiak dira bi hiriak, basamortuko Sabha hiriarekin eta Jufra oasiarekin batera, eta matxinoak atzera bota zituen Gaddafiren jarraitzaileen erresistentziak. Ostiraleko porrotaren ostean, «tropak berrantolatzen eta berriz elkartzen ari gara», esan du Husein Mohamed al Gazar Bani Ualideko fronteko matxinoen arduradunak. Dena den, Libia askatzea «orduetako kontua edo egunetako kontua» dela baieztatu du Mohamed al Alagi Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko Justizia ministroak.
Surt hirian ere, aireportua hartzea lortu arren, matxinoak ezin izan dira erdialdera iritsi. Su gurutzatuaren ostean, atzera egin behar izan dute, eta hiria setiatzen jarraitzen dute. Gainera, musa Ibrahim Gaddafiren bozeramaileak baieztatu du NATOren azken hamazazpi egunetako bonbardaketek 2.000 lagun hil dituztela Surten. «Ostiral gauean, esaterako, 354 lagun hil zituen NATOk. Hiriko hotel nagusiari eta Tamin eraikineko etxebizitzei eraso zien», azaldu du Ibrahimek. Roland Lavoie aliatuen koronelaren esanetan, aldiz, «akusazioa oinarrigabea eta eztabaidagarria da».
Erregimena matxinoen erasoei erantzuteko indarrez dagoela esan du Ibrahimek. «Nahikoa arma ditugu, eta hilabeteetan borroka egiteko prest gaude. Gainera, Gaddafi bertan dago, eta bera ari da borroka guztia zuzentzen».
Ustezko arma kimikoak
Bestetik, matxinoek Gaddafiren kontrolpean zeuden arma kimikoak berreskuratu dituztela azaldu du Tagespiegel am Sonntag Alemaniako egunkariak. Batez ere ziape gasek osatzen dute dagoeneko erreboltarien zaintzapean dagoen armategi hori. Basamortuko Ruagha planta kimikoan aurkitu dituzte armak, Tripolitik 600 kilometro hegoaldera. Espioi sateliteen bidez hartutako irudien bitartez eman du Alemaniako egunkariak arma kimikoen aurkikuntzaren berri.
Protestak herrialde arabiarretan
Libiako erreboltariak indarrak biltzen ari dira ostiraleko porroten ostean
Azken bi asteetan NATOren bonbek 2.000 lagun hil dituzte Surten, Gaddafiren bozeramailearen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu