«Egunotan erreboltariek lur asko irabazi dituzte. Azken hilabeteetan lortu duten aurrerapenik handiena da», Roland Lavoie NATOko koronelaren esanetan. Erreboltariek aurrerapen esanguratsuak egin dituzte Bregan, Misratan eta, batez ere, Tripoli inguruan. «Hiriburuko sarrera nagusienak erreboltarien kontrolpean daude, eta Gaddafiren armadarentzat oso zaila izango da bere posizioari eustea», azaldu du Lavoiek.
Aste honetan Nafusa mendietatik kostalderantz egin dute erreboltariek, Tripoli inguratzen duten herri ugari kontrolpean hartuz. Gainera, Misratan ere erregimenaren tropak atzera botatzea lortu dute, eta armada jada ez da hiria bonbardatzen ari. Horrez gain, NATOk baieztatu du Brega petrolio eremuan erreboltarien esku dagoela gutxienez hiriaren ekialdea. Aliatuen erasoek ahuldu egin dute Muammar Gaddafiren egitura militarra, eta horretaz baliatu dira erreboltariak, NATOren ustez. Alabaina, erregimenaren armada ez dago geldirik. Protestak hasi zirenetik lehen aldiz, Scub misilak jaurti zituen atzo Brega hirian, aliatuek azaldu dutenez. «Misil horiek erabiltzea guztiz arduragabea da, erabateko txikizioa eragin baitezakete», salatu du NATOk.
Garaipena, hil amaierarako
Erreboltarien azken aurrerapausoak ikusita, baikor dago Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionala. «Gure kalkuluen arabera, abuztu amaierarako garaituko dugu Gaddafi koronela. Ramadanaren amaierarekin bat egingo du garaipenak», esan du Mansur Saif al Nasr kontseiluko bozeramaileak.
Tunisian, berriz, NBEko ordezkari bat Gaddafiren eta erreboltarien ordezkari banarekin bildu dela jakinarazi du Tunisiako Atzerri Ministerioak. Alabaina, Al Nasr erreboltarien bozeramaileak ukatu egin du Tunisiak zabaldutako informazioa. «Libian izen handia duten politikari independenteak joan dira bilerara, baina Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ez du ordezkaririk bidali», argitu du Al Nasrek.
Libiako erreboltariak Tripolitik oso gertu daudela dio NATOk
NBE Gaddafiren eta erreboltarien ordezkari banarekin bildu da Tunisian, hango Atzerri Ministerioaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu