Fayez al-Sarraj Libiako lehen ministroak herrialdeko indar militar guztiei agindua eman die operazio militarrak gelditzeko eta su-etena ezartzeko. Libya Observer hedabidearen arabera, Sarrajek ohar baten bidez jakitera eman du helburu nagusia dela «Libiako lurraldearen burujabetza osoa berrezartzea eta mertzenario atzerritarrak kanporatzea». Ordezkarien Ganberako presidente Aguila Salek ere su-etenaren aldeko aldarrikapena defendatu du.
Bestalde, lehen ministroak parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetara deitu du, datorren urteko martxorako. Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarraren pean dauden Sirte hiria eta Al Jufra barrutia eremu «desmilitarizatuak» izateko eskaera egin du Sarrajek. Oraingoz, Haftarren aldetik erreakziorik ez da izan.