Libiaren banaketa konpontzeko esperantzan egin dute akordioa gatazkaren alde nagusietako batzuek. Parisko hitzarmenaren sinatzaileen artean daude Fayez Serraj NBE Nazio Batuen Erakundeak onartzen duen gobernuko lehen ministroa, Khalifa Haftar ekialdearen kontrol militar ia osoa duen armadako jeneral ohia, eta legitimitatea aldarrikatzen duten bi parlamentuetako ordezkariak —Tripolikoak eta Tobrukekoak—. "Itxaropena dugu, eta lagunduko diegu konpromiso hau mantentzen", adierazi du Joseph Muscat Maltako lehen ministroak.
Malta izan da Emmanuel Macron Frantziako presidenteak antolatu duen bilkuran parte hartu duen herrialdeetako bat. Han izan dira NBEren Segurtasun Kontseiluan Frantziarekin batera kide iraunkorrak diren bertze lau herrialdeak —AEBak, Erresuma Batua, Errusia eta Txina—, Italia, Turkia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar ere.
Reutersek filtratu duenez, hauteskundeak egiteaz gain, Libiako fakzioek konpromisoa hartu dute banku zentral bat egiteko, armada bakarra osatzeko, eta konferentzia politiko nazional bat antolatzeko. Hitzarmenaren aurka egiten duten fakzioei, edo hauteskundeak oztopatzen dituztenei nazioarteko zigorrak ezartzea babestu dute.
Hutsune handia
Hain zuzen, hutsune handi bat izan du Parisko bilkurak, Misratako milizia ez baita joan. Salatu du ez diotela onartu bertze fakzioen "maila berbera". Misratako milizianoek hil zuten Muammar Gaddafi Sirte hirian, 2011n, eta haren aurkako gerran garrantzi handia izan zuten. Ordutik, herrialdeko indar militar boteretsuenetako bat dira.
AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak militarki esku hartu zuten Gaddafiren aurka 2011ko martxoan —NATOk hartu zuen ondoren operazioaren ardura—, eta haien laguntza erabakigarria izan zen hura agintetik botatzeko. Ordutik, herrialdea hainbat miliziaren eta fakzioren artean banatuta dago.