Libiako matxinatuek jakinarazi dutenez, Tripoliko energia iturri garrantzitsuenak kontrolatzen dituzte. Ohartarazi dutenaren arabera, Bregako petrolio gunea hartu dute, herrialdearen ekialdean; baita Zauijako findegia ere, mendebaldean.
Zauijako findegiaren kontrola bereganatzea izan da Libiako matxinatuen azken lorpena, findegi horixe baita Tripoliko erregai hornitzaile nagusia. Joan den astean Tripoli hiriaren zati bat mendean hartzea lortu zuten; bereziki, Tunisiako mugarekin lotura egiten duen bidearena. Hala, Libiako Gobernuaren hornikuntza bideak itxi dituzte.
Al Jazeera telebista kateak Bregako petrolio gunea kontrolatzen duten matxinoen irudiak erakutsi ditu gaur. "Hiriaren zatirik handiena mendean hartu dugu, eta batez ere petrolio gunea. Borroka latzak izan ditugu honaino iristeko, baina gaur esan dezakegu ia Brega inguru osoan gaddafisten erresistentzia indarrak garaitu ditugula", esan du Mohamed El Rojelli koronelak.
Koronelak gaineratu duenez, matxinatuek 30 gizonetik gora galdu dituzte, eta 40 gaddafista inguru hil dituzte atzoz geroztik.
Gaddafiren erregimeneko goi kargudun ohi batek bat egin du matxinadarekin
Muammar Gaddafiren erregimeneko goi kargudun ohi batek iragarri du bat egiten duela matxinadarekin. Abdessalam Jallud da gizon hori, eta indar matxinatuek "oso notizia ona" dela esan dute.
Egunero ehunka pertsonak ihes egiten dute Tripolitik, eta orain Jallud batu zaiei horiei guztiei. Hiriburutik alde egin eta matxinatuek kontrolatzen duten tokira iritsi da; han, babesa agertu dio Gaddafiren aurkako matxinadari.