Libiako matxinoen egoera gero eta estuagoa da. Iragan ortzegunetik, Muammar Gaddafiren erregimena herrialdearen ekialdeko Ajdabija hiri estrategikoa bonbardatzen ari da, eta erreboltariek gero eta zailtasun handiagoak dituzte posizioari eusteko. Hiria defendatzeko eratutako lerroetako bat erregimenaren esku gelditu zen atzo goizean, eta, horren artilleriaren erasoen ondorioz, ospitalea hustea erabaki dute matxinoek. Hala ere, mediku iturriek diotenez, Ajdabijan ia ez dago zauritutako inor, horiek zuzenean Bengazira eraman dituztelako. Iturri horiek diotenez, atzoko borroketan gutxienez hiru matxino hil ziren. Mendebaldeko Misrata hirian, berriz, zortzi izan ziren atzo hildako milizianoak.
Ajdabija erreboltarien hiriburu Bengazitik 160 kilometro hegoaldera dago. Errepide batek zuzenean lotzen du Tobrukekin—Egiptoko mugatik hurbil—, beraz, Gaddafiren eskuetan eroriz gero, matxinoak inguratuta geldi daitezke. Erregimenak duela hiru aste galdu zuen azkenekoz Ajdabijaren kontrola, nazioarteko koalizioaren aire erasoek lagunduta matxinoek kontraeraso azkarra egin zutenean. Al Jazeerak dioenez, erregimenaren artilleria iparraldetik, hegoaldetik eta mendebaldetik ari da bonbardatzen, eta buruz buruko borrokak hiri barreneraino ere ailegatu dira.
Irtenbide politikoaren beharra
Egungo egoera hori dela kontuan hartuta, NATOk uste du gatazkak ez duela «irtenbide militarrik». «Irtenbide politiko bat behar dugu, eta Libiako herria da hori aurkitu behar duena», adierazi du Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak. NATOk egin dezakeen «bakarra» da erregimenari eskatzea erasoak geldiarazi eta «demokraziarako trantsizio baketsua» egiteko, Rasmussenen arabera. Erregimenak eskariak beteko ez balitu, NATO NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpena betetzera «mugatu» behar dela erran du idazkari nagusiak. Horrez gain, Gaddafik atzo agerraldia egin zuen Tripoliko eskola batean, baina ez du adierazpenik egin.
Libiako matxinoek Ajdabija hiriko defentsa lerro bat galdu dute
NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek onartu du gatazkak ez duela «irtenbide militarrik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu