Libiako milizia armatuen aurkako erasoetan lau lagun hil dituzte

Erredakzioa
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ansar al-Xaria Libiako milizia armatuaren aurkako erasoetan gutxienez lau lagun hil dira, herrialdearen ekialdean dagoen Bengazi hirian. Milaka herritar ezustean sartu ziren atzo, ustez Chris Stevens AEBen Libiako enbaxadorearen aurkako atentatuaren egilea den miliziaren hiru egoitzetara. Borroka larrienak Sahaty brigadaren egoitzan gertatu ziren. Hiru lagun hil zituzten. Miliziano salafistek osatzen dute talde hori, eta Libiako Barne Ministerioaren aginduetara aritzea leporatzen diete.

Erasoen aurretik egindako manifestazio batean, milizia armatuak desegiteko eta herrialdeko armen ugaritzea gelditzeko eskatu zuten milaka herritarrek. Bengazik zerbait hobea merezi du edo Matxinoak armadan integratzeari bai zioten pankartak erakutsi zituzten.

Manifestazioa amaituta, milizien egoitzetarantz jo zuten herritarrek. BBC telebistaren esanetan, milizietako kide gehienek ihes egin zuten, baina, beste batzuek, barruan gelditu, eta manifestariei aurre egin zieten. Borroka horietan hil zituzten lau lagun. Reuters agentziaren arabera beste 40 lagun ere zauritu ziren. Mohamed al-Megarif Libiako Kongresu Nazionaleko presidenteak lasaitasunerako deia egin du, eta Bengaziko herritarrei etxeetara itzultzeko eskatu die, pertsona gehiago hil ez dadin. Hain justu,lehenago manifestazioa goraipatu zuen, erakunde «legitimoen» alde alde egiteagatik.

Sei soldadu hil dituzte

Bengazi hiriaren kanpoaldean izandako beste eraso batean, Libiako armadako sei soldadu hil dituzte. Armadak jakinarazi duenez, hildako soldaduek kopetan zituzten tiroak, eta hankak eta eskuak lotuta topatu zituzten. Armadak adierazi du susmoa duela haiekin zegoen koronela bahitu egin ote duten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.