Muammar Gaddafi gero eta isolatuago dago. NBE Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Kontseilutik bota du. Libiako zonalde ugari iraultzaileen esku daude, bereziki ekialdean. Hala ere, Gaddafik oraindik kontrolpean ditu Tripoli, Sebha eta Sirte. Eta badirudi botereari eusteko aukera bakar bat duen bitartean ez duela etsiko. Bizirik dagoen hilotz politikoa deladioteKremlingo iturriek, baina eragin dezakeen mina oraindik ere handia da.
Astelehenean Buzid Durda atzerriko zerbitzu sekretuen arduradunari iraultzaileekin elkarrizketa abiatzea eskatu bazion ere, mehatxuetara bueltatu da berriz Libiako burua. Herrialdearen mendebaldean egon arren iraultzaileen kontrolpean dago Zauija, Tripolitik 50 kilometrotara. Gaddafiren jarraitzaileek inguratua dute hiria eta bertako manifestariak bonbardatuko dituela hitz eman zuen agintariak atzo. Nolanahi ere, oposizioak argi utzi du ez duela erregimenaren ordezkari bakar bat ere eurekin harremanetan jarri. «Ez daukagu ezer hitz egiteko. Gaddafik esan zuen esan beharrekoa Libiako kaleetan», dio Salua Bugaigis iraultzaileen ordezkariak manifestarien kontrako errepresioa gogora ekarriz.
Gerra zibiletik gertu dagoen egoeran, erregimenaren eraso eta mehatxuetatik babesteko zereginetan ez eze, etorkizunerako antolatzen ari da oposizioa. Batetik, Kontseilu Nazionala sortzeko lanetan dabil, «Estatu bat sortzeko trantsizio politikoa gidatzeko». Bestetik, Otsailaren 17ko Iraultzaren Koalizioak Kontseilu Militarra sortu du Bengazin, «herrialdea defendatzeko eta nazioarteak onartutako Libiako mugak edozein erasotatik babesteko».
Gero eta gehiago dira Libian Gaddafiri aurre egitea erabaki dutenak. Mansur Mohamed Abu Hajar Libiako Armadako dibisio korazatuko Bengasiko nagusiak ere iraultzarekin bat egin du. Gainera, ehunka zibilek armamentu astunetan trebatzeko ikastaroetan eman dute izena Bengazin, Gaddafiren balizko erasoei aurre egiteko. Adindu eta ume asko daude tartan. Halaber, Al Zintan leinuak Gaddafiren jarraitzaileei iraultzarekin bat egiteko eskatu die, eta erregimena leinuen arteko tentsioak sortu nahian dabilela salatu du. Libiako mendebaldeko leinu nagusienetakoa da Al Zintan eta esanguratsua da bere jarrera egitura tribalak pisu handia baitu herrialdearen egituran.
Badaezpadako maniobrak
Libiako kostaldetik AEB Amerikako Estatu Batuetako hainbat itsasontzi ikus daitezke dagoeneko. Pentagonoak astelehenean eman zuen «kontingentzia planifikazioa» delakoaren abisua. «Gure ontzi eta hegazkinak eskualde horretan kokatzen ari gara, Libiaren inguruan erabakiren bat hartzen denerako malgutasunez jarduteko aukera izan dezagun», azaldu du Dave Lapan AEBetako Defentsa Saileko bozeramaleak.
Ez dira Mediterraneoan lekua hartzen ari diren bakarrak ordea. NATOren Berehala Erantzuteko Itsas Indarrek ere Libiako uretatik gertu egingo dituzte hainbat maniobra datozen hamar egunetan. Hamaika herrialdetako 3.500 militarrek hartuko dute parte 20 ontzitik gora mugituko diuen operazioan. Nazioartearen esku hartze militarraren mamuak itzala luzatu du Tripolira. Hala ere, badirudi esku hartzeko akordioa ez dutela berehalakoan lortuko, oraindik ez baitira Libiako erregimenaren hegazkinen hegaldiak debekatzeko eremua sortzeko adostasunera ere iritsi.
Orain, libiarrak babesteko keinuak egiten ari direnen «faltsukeria» salatu du Giza Eskubideen informaziorako Sare Arabiarrak. Diktadore arabiarrei istiluen aurkako armarik ez saltzea eskatu die AEBei eta EBri, hala nola, negar egiteko gasak eta gomazko balak. «Milaka manifestari bakezale hil dituzte Egipton, Tunisian, Libian eta beste hainbat herrialde arabiarretan eurek saldutako armekin».
Protestak herrialde arabiarretan
Libiako oposizioak bere armada antolatu du, herritarrak babesteko
Tripolitik 50 kilometrotara iraultzaileen esku dagoen Zauija hiria bonbardatzearekin mehatxu egin du Muammar GaddafikAEBetako eta NATOko itsasontziak maniobrak egiten hasi dira Mediterraneoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu