Protestak herrialde arabiarretan

Libiako Surt hirian erasoa gogortu du NATOk

Aliantzak azpiegitura militarra jo duela dioen arren, «edozein eraikin» bonbardatzen dutela salatu dute herritarrek

Erredakzioa
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bani Ualid eta Surt Muammar Gaddafiren jaioterria dira haren aldekoen azken gotorleku nagusiak Libian. Duela aste batzuetatik Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko indarrek setiatuta dituzte, eta hiri barrenean ari dira borrokan. Surten, bere balio sinbolikoagatik, bereziki latza izaten ari da Gaddafiren aldekoen erresistentzia, eta NATOk aire erasoak gogortu egin ditu kontseilu nazionaleko milizianoei bidea irekitzeko asmoz.

Erresuma Batuko Defentsa ministroak adierazi du NATOko hegazkinek Gaddafiren azpiegitura militarra eta haren indarrek «basetzat» erabili dituzten eraikinak suntsitu zituztela atzo Surten. Ihesean atera diren herritar anitzek, ordea, zalantzan paratu dute aliantzaren erasoen zehaztasuna. Sami Alderramanek Espainiako El País egunkariari adierazi dioenez, «edozein eraikin» bonbardatzen dute hegazkinek, «normalki arratsez». Surten hildako zibilak hiru mila izan daitezkeela uste du herritar horrek.

Hiriko aireportua hartzetik «gertu» dagoela aldarrikatu zuen atzo Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Duela hamar egun, ordea, kontrolpean zuela zioen.

Gaddafiren gordelekuaren inguruan ere mintzatu zen atzo Trantsiziorako Kontseilu Nazionala. Hisham Buhagiar arduradun militarraren arabera, Gadamis inguruan dago koronela, Aljeriako mugan. Han tuareg herriak babesten duela adierazi du Buhagiarrek, Maliko eta Nigerko Gobernuen aurka matxinatu zirenean Gaddafik haien alde egin zuelako. Koronelaren oinordeko zen semea, Saif al Islam Gaddafi, Bani Ualiden gordeta dagoela erran du Buhagiarrek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.