Muammar Gaddafi koronelak boterea eskuratu zuenetik, Libiako erregimenaren ezaugarrietako bat izan da atzerriarekiko hermetismoa. Horren eraginez, protesten inguruko informazioa inguruko herrietan baino eskasagoa eta nahasgarriagoa da. Gaddafiren seme Seif el Islamen Kurina egunkariak argitaratu du protestetan 27 pertsona hil direla. HRW Humans Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, joan den asteartetik Poliziak gutxienez 24 lagun hil ditu herrialde osoan. Hainbat hedabidek protesta gehiagoren berri eman zuten atzo, baina erregimenak mehatxu zuzena helarazi dio oposizioari. Estatuaren oinarria diren herri komiteek ohartarazi dute protestan ari diren «taldetxoei» erantzun «bortitza eta erabatekoa» emanen dietela.
Kurina egunkari ofizialistak dio Benghaziko protestak «bortizkeriaz eta basakeriaz gainezka» egon zirela, eta Poliziak balak jaurti «behar» izan zituela «manifestariak sakabanatzeko». Hiri horretan hogei lagun hil zituzten, hedabide horren arabera. Manifestariek su eman zieten hainbat polizia etxeri, Poliziaren zazpi autori eta herri komiteen egoitza bati, iturri berberaren arabera. Halaber, hildako manifestarien omenezko hiletetan, atzo milaka lagun elkartu zirela dio Kurina-k. Egunkari ofizialistaren arabera, Benghazik ez du lasaitasuna berreskuratu, eta atzo Poliziak bertze manifestazio baten aurka jo zuen. Manifestariek hainbat erakunde ofizialen egoitzei su eman zieten, iturri horrek dioenez. Darna hirian (Egiptoko mugatik hurbil), berriz, Kurina-k dio zazpi lagun hil direla protestetan.
HRWen arabera, Poliziaren «errepresio bortitzena» Al Baidan (ipar-ekialdea) izan da. HRWren Ekialde Hurbilerako eta Afrika iparralderako zuzendari Sarah Leah Whitsonek dioenez, ospitale batean 70 manifestari artatu zituzten, «haietako erdiak balekin larri zaurituta». Al Baidan gutxienez hiru lagun hil dituzte, Whitsonek dioenez. Genevan (Suitza) egoitza duen Libiako erakunde bat du iturri HRWk.
Erregimenaren organo politiko diren herri komiteek ohartarazi dute manifestariak «marra gorria» gurutzatzen ari direla eta hori «beren buruaz bertze» egitea dela. Tripoliko Plaza Berdean elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Gaddafiren aldekoek.
Lau hildako Yemenen
Yemenen ere protestek ez dute atsedenik, eta herrialdean zehar indartsu hedatzen ari da. Lau lagun hil ziren atzo Ali Abdala Sale presidentearen aurkako bi manifestaziotan, herrialdearen hegoaldean. Aden hirian, Polizia elkarretaratze bati oldartu zitzaion, eta gutxienez hiru lagun hil eta zazpi zauritu zituen tiroz. Taizen, berriz, presidentearen aldeko lagun batek lehergailu bat jaurti eta manifestari bat hil zuen. Sana hiriburuan ere manifestazioek ez dute etenik. 4.000 lagun inguruk martxa bat hasi zuten unibertsitate eremutik, baina Polizia eta Saleren jarraitzaileak oldartu zitzaizkien sableak, makilak eta harriak erabiliz.
Protestak herrialde arabiarretan
Libian 27 pertsona hil direla dio 'Kurina' egunkari ofizialistak
Gaddafiren aldekoek erantzun «bortitz eta erabatekoarekin» mehatxatu dituzte manifestariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu