Londresen atzo elkartu ziren herrialde eta eragileek erabaki dute Libian aldaketa politikoa gauzatzeko nazioarteko harreman taldea sortzea. Erresuma Batuko Atzerri ministro William Haguek azaldu duenez, Muammar Gaddafiren aurkako nazioarteko ekimenari «zuzendaritza politikoa» emanen dio talde horrek, eta NBE Nazio Batuen Erakundearekin, Afrikako Batasunarekin, Arabiar Ligarekin eta Konferentzia Islamikoaren Erakundearekin elkarlan «estua» edukiko du. Hagueren ustez, Gaddafik «zilegitasuna erabat galdu du», eta «libiar guztiek», oposizioko Kontseilu Nazionalak eta tribuetako buruek barne, «prozesu politiko integratzaile» bat abiarazi beharra dute. Harreman taldeak lehen bilkura Qatarren eginen du.
NBEren 1973 ebazpenean oinarrituta Libiako esku hartzea hasi zuen nazioarteko koalizioak antolatu du Londresko bilera. Libiako Kontseilu Nazionala, NBE, Afrikako Batasuna, Arabiar Liga, NATO, eta «herrialde lagunak» ere gonbidatuta zeuden. Aliatuek 1973 ebazpenarekiko konpromisoa berretsi dute. Horren arabera, Libian esku hartzearen arrazoia «zibilak babesteko beharrezko neurriak» hartzea da, eta erregimena aldatzeari buruz ez du deus zehazten. Aliatuak, baina, bat etorri dira Gaddafik alde egin behar duela, eta Libiak «trantsizioa» hasteko beharra duela aldarrikatzerako orduan.
«Konponbide politikoa»
Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronen ustez «Libiako herriak» ezinen du trantsizioa «bere kabuz» gauzatu, eta harreman taldea xede horretan laguntzeko baliagarria izanen delakoan dago. Ekintza militarrak eta giza laguntza krisia konpontzeko nahikoa izanen ez direla dio Cameronek. «Azkenean, konponbidea politikoa izanen da». Frantzia, berriz, «elkarrizketa integratzailearen alde» dago. Atzerri ministro Bernard Valerok azaldu duenez, Kontseilu Nazionala eta tribuetako buruez gain, Gaddafiren aldekoek ere parte hartu behar dute prozesuan. AEBentzat, giza laguntza, Gaddafiri presio egitea eta aldaketa politikoaren aldekoak sostengatzea dira esku hartzearen oinarri nagusiak.
Kontseilu Nazionalak, berriz, Libiako etorkizun «demokratikorako» proiektua aurkeztu du Londresen. Guma el Gamati bozeramaileak azaldu duenez, «herriak egindako» konstituzioa eratzeko asmoa du kontseiluak, eta hori erreferendum bidez bozkatzeko. Alderdi politikoak eta elkarteak legeztatzeko asmoa dute, eta «pobrezia eta langabezia deuseztatzeko» erakunde ekonomikoak sortuko dituzte. «Atzerriko pertsona eta enpresen interes eta eskubideak» errespetatuko direla zehaztu du. Aldaketa gauzatutakoan, Kontseilu Nazionala desagertu eginen litzateke.
Zeresana eman duen gaia nazioarteko koalizioak oposizioko milizianoei eman beharreko laguntza militarra izan da. Kontseilu Nazionaleko prentsa arduradun Mahmud Shammamek adierazi du armak jasotzeko prest daudela, baina zehaztu du oraingoz inork ez diela deus eskaini. «Gaddafiren jendeak utzitako arma anitz lortzen ari gara». Erreboltariei armak ematea «baztertu ezinezko aukera» dela erran du AEBek NBEn duten enbaxadore Susan Ricek. Geroago, baina, Estatu idazkari Hillary Clintonek erran du 1973 ebazpenak baimentzen duen arren, «oraingoz» ez dutela aukera hori kontuan hartu.
Surtera ailegatu ezinda
Borrokei dagokienez, Gaddafiren jaioterria, Surt (Tripolitik 450 kilometro ekialdera), hartzeko asmoa zapuztu zaie oposizioko milizianoek, Haran Gorria deitutako eremutik erregimenak artilleriarekin eraso egin dielako. Azken berrien arabera, erreboltariak Ras Lanufera erretiratu dira, Surtetik ia 200 kilometro ekialdera. Koalizioko hegazkinen laguntzaren zain daude aitzinera egiteko.
Misratan, berriz, Tripoliren eta Surten arteko hirian, azken bederatzi egunetan 124 lagun hil dira erregimenaren erasoetan, oposizioak dioenez. Amnesty Internationalek salatu du errebolta hasi zenetik 30 lagun baino gehiago «indarrez desagerrarazi» dituztela Gaddafiren indarrek.
Protestak herrialde arabiarretan
Libian aldaketa politikoa egiteko harreman taldea eratuko du koalizioak
Londresko goi bileran elkartu diren herrialde eta eragileak bat etorri dira Gaddafiri alde egiteko eskatzeko orduanAEBen arabera, NBEren ebazpenak baimena ematen du oposizioari armak emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu