Joan den astean Libian atxilotutako Nazioarteko Zigor Auzitegiko lau funtzionarioetatik bi espetxeratzeko agindua eman du Libiako Fiskaltza Nagusiak. Zintan hiriko Herri Kontseiluko bozeramaile Jaled Korren arabera, Melinda Taylor Australiako abokatua eta Libanoko haren itzultzailea dira espetxeratuak. Aljemi al-Ateri Zintango miliziako buruzagiak BBC kateari adierazi dio, ordea, laurak kartzelatu dituztela. Hagako auzitegiko ordezkaritza Saif Al-Islam Gaddafi espetxean bisitatzera joan zen Zintanera, Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren aurkako krimenak egin izana egotzita auzibidea irekia baitu haren aurka. Zintango agintarien arabera, ezkutuan agiri batzuk eta kartzela barruan haren mugimenduak detektatzeko dispositibo bat eman nahi izan zizkioten Gaddafiri.
BBC kateak dioenez, Libiako Atzerri Ministerioak erran du atxilotuek 45 egun eginen dituztela espetxean, ikerketak iraun bitartean. Julia Gillard Australiako lehen ministroak Taylor abokatua berehala askatzeko exijitu die Libiako agintariei, Nazioarteko Zigor Auzitegiak joan den asteburuan egin bezala. Hain zuzen, herenegun Hagako bertze ordezkaritza bat ailegatu zen Libiara atxilotuak askatzeko negoziazioetan parte hartzeko asmoz.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak iragan ekainean eman zuen Saif Al-Islam atxilotzeko agindua, haren aita Muammar Gaddafirenarekin batera. Saif Al-Islam azaroan atxilotu zuen Zintango miliziak. Tripolin ezarritako erregimen berriak, ordea, Libian epaitu nahi du, Hagaren esku utzi beharrean.
Egoera ezegonkorra
Muammar Gaddafi hil zutenetik ia zortzi hilabete igaro direnean, erregimen berriak ez du lortu herrialdea egonkortzea. Asteburuan gutxienez hemeretzi lagun hil dira hego-ekialdean bertako milizien eta gobernuko indarren arteko borroketan. Bengazi hirian, berriz, Erresuma Batuko enbaxadaren konboi bati eraso zioten atzo —ez zen inor hil—. Trantsiziorako gobernuak hurrengo hilaren 7an egingo ditu bozak.
Libian atxikitako Hagako bi funtzionario espetxeratzeko agindu dute
Saif al-Islam Gaddafiri kartzelara egindako bisitan agiriak pasatu izana egozten diete Zintan hiriko agintariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu