Protestak herrialde arabiarretan

Libian, borroka betikotzen ari da Gaddafiren azken gotorlekuetan

Tripolin erreboltarien brigadak kontrolatzeko eskatu diote herritarrek Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari

2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ehunka ibilgailuk ilara luzeak sortu dituzte Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Surt hiriaren kanpoaldean ezarritako kontrol gunearen inguruan. Erreboltariek banan-banan miatu dituzte goraino betetako autoak, armen eta Muammar Gaddafiren erregimeneko kideen bila. Herritarrak setiatutako hiritik ihes egiten saiatzen ari dira, azken egunetan egoera jasangaitza bilakatu dela baitiote. Bitartean, Gaddafiren jaioterriaren kontrola hartzeko borrokan jarraitzen dute matxinoek, izan ere, Surten borroka betikotzen ari da.

Duela bi aste hasi zuten matxinoek Surten aurkako setioa. Iragan astean sartu ziren hirian lehen aldiz, eta auzo bat okupatu zuten. Asteartean, berriz, hiriko hainbat gune eskuratu ostean «asko jota 48 orduan» hiria askatuko zutela iragarri zuten. Gaddafiren aldekoen erresistentzia, baina, esperotakoa baino indartsuagoa ari da izaten, eta oraindik ez dute hiria hartzea lortu. Koronelaren jaioterria izanik, bi aldeentzat balio sinboliko handia du Surtek, eta, horrexegatik, bereziki gogorra izaten ari da gerra hiri horretan.

NATOk, berriz, erasoak egin ditu azken orduetan Surten, koronelaren helburu militarren aurka. Besteak beste, munizioa gordetzeko erabiltzen zuten biltegi bat suntsitu duela jakinarazi du. Erreboltariek erasoak gogortzeko eskatu diote beste behin Aliantzari, baina Gaddafiren aldekoak zibilen artean ezkutatzen direla dio horrek, eta ezin duela gehiago egin.

Ur eskasiagatik gaixotasunak zabaltzen ari direla jakinarazi dute Surtetik ihes egitea lortu duten herritarrek. Horrez gain, hiriko ospitaleak gainezka egin dute, eta, gainera, ez dute sendagairik gaixoak artatzeko. Argindarrik gabe daude, eta janaria ere geroz eta urriagoa da. «Ez dago ahora eramateko ezertxo ere, ogia besterik ez», adierazi du asteartean hiritik ihes egitea lortu zuen Saraj al Tueishek.

Bani Ualiden ere erasoak egin ditu NATOk, horixe baita, Surtekin batera, herrialdean Gaddafiren aldekoek duten azken gotorleku nagusia. Han ere, erresistentzia gogorra topatu dute erreboltariek.

Informazio kontrajarria

Borroka betikotzen ari den bitartean, Libian egiaz gertatzen dena jakitea zaila da, informazio kontrajarria heltzen baita handik. Ostegunean, esaterako, Musa Ibrahim Gaddafiren bozeramaile ohia atxilotu zutela jakinarazi zuen Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. Atzo, aldiz, koronelaren aldeko Allibija telebista katean Surteko borroken porrotaren inguruan arreta desbideratzeko trikimailua besterik ez zela adierazi zuten. Misratatik, matxinoen kontseilu militarreko eledun Adel Ibrahimek ere zalantzan jarri zuen atxiloketa hori, eta zurrumurru bat izan zitekeela adierazi zuen: «Misratako borrokalariek Musa Ibrahim atzeman izan balute, jakinaraziko ligukete».

Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean, berriz, zatiketak geroz eta agerikoagoak dira. Ez dira gai gobernua eratzeko, bi fronte nagusitan banatuta baitaude: Misratako setioari eutsi ziotenak batetik, eta Bengazitik Gaddafiren aurkako gerra zuzendu zutenak bestetik.

Bi bandoek eskuratu nahi dute herrialdearen buruzagitza, eta inork amore eman ez duenez, aurreko asterako iragarri zuten gobernua ez dute oraindik eratu. Gaddafiren aurkako borrokak batu zituen hasieran bi aldeak, baina, koronela boteretik kanporatu ostean, ezberdintasunak azaleratu dira.

Tripolin ez da giro

Abuztuan hartu zuten Tripoli erreboltariek, eta Gaddafik ihes egin zuen orduan. Askok gertakari hartan gerraren amaiera aurreikusi bazuten ere, ez da halakorik gertatu. Gainera, Libiako hiriburua matxinoen esku geratu denetik egoerak ez duela hobera egin dio Al Jazeera telebista kate arabiarrak.

Tiro hotsak nonahi entzun daitezke hiria Gaddafiren kontrolpetik askatu eta hilabete baino gehiago igaro denean. Horrez gain, gazte borrokalariek armez leporaino josita zeharkatzen dituzte kaleak kamioietan igota. Hori horrela, Gaddafi kanporatzeak hasiera batean herritarren artean sortu zuen euforia itzaltzen ari da gutxika-gutxika, eta asko kaleak armatutako jendez beteta ikusteaz nazkatzen hasi dira.Tripoliren aldeko taldea sortu dute hainbat herritarrek, eta Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari brigadak kontrolatzeko eskatu diote.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.