Protestak herrialde arabiarretan

Libian ere, oldartuta

Gaddafiren gobernuaren kontra hasi dira, eta Yemenen, Iranen eta Bahrainen protestetan jarraitzen dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Libia da, oraingoz, Tunisiatik Magreb osora eta Ekialde Hurbilera zabaldu diren protesten lekukoa hartu duen azken herrialdea. Herenegun eta atzo Bengazi hirian segurtasun indarrek manifestarien kontra gogor egin zuten, eta gutxienez 40 zauritu utzita, indarra erabiltzeko prest daudela erakutsi zuten, manifestariek gobernuaren kontra protestak egiten badituzte. Ohartarazpen horrek, ordea, ez du tentsioa handitu besterik egin, gaurko Internetez 9.000 pertsona inguruk egin duten deiari begira: Muammar Gaddafi presidentearen kontrako protesta egitekoak dira gaur hiriburuan, Tripolin, eta estatuaren segurtasun indar mota guztietakoek kalea hartu dute atzotik, armadak, poliziek eta presidentearen guardiek.

Ehunka manifestarik Fathi Tarbel giza eskubideen ekintzaile eta abokatua aska dezatela eskatuz hasi dira Libian protestak. 1996an Tripoliko presondegi batean izan zen tiroketaren biktimen senitartekoen taldeko koordinatzailea da Tarbel, eta senitarteko haiek izan dira kalera ateratzeko ekimena hartu dutenak, «agintari ustelen kontra». Oposizioak jakinarazi du hasiera besterik ez dela hau Gaddafi botatzeko ahaleginean. Bien bitartean, gobernuak bere aldeko martxak telebistan erakutsiz desbideratu nahi izan du proteston garrantzia.

Iranen, aurrez aurre

Sane Zhale joan den astelehenean protestetan balaz hildako gaztearen hileta izan da Irango oposizioaren eta gobernuaren aldekoen arteko borroken azken aitzakia, atzo. Aurrez aurre direnek euren alde erabili nahi dute Zhale, eta hileta noren martiria zen azaldu nahi zutenen borroka gune bilakatu zen. 2009tik Iranen gertatzen ari diren borroka gogorrenak dira, Mahmud Ahmadinejaden gobernuaren kontrakoak. Baina Teheran ez dago prest liskarrak zabaltzen uzteko, eta asteleheneko borroken erantzuleak gogor zigortuko dituela ohartarazi du. Ahmadinejadek, dena den, indarra kendu nahi izan die protestei, esanez «gutxi batzuen kontua» dela. Mehdi Karrubi oposizioko buruzagiak, ordea, protestetara deitu du.

Bahrainen, Lulu plazan

Bahraingo hiriburu Manamako biztanleek Lulu plazari Tahrir izena jarri diote, Kairokoak duen zentzua jaso nahian, eta haren lekukoaren adierazle. Herenegun gauetik han kanpadendak jarri dituztenek atzo jakinarazi zuten ez direla handik mugituko gobernuak euren eskaerak aintzat hartzen dituen arte.

Atzo pixkanaka jendea gerturatuz joan zen plazako protestara, eta Polizia haiek zaintzen jarri zen, baina eraso gabe, indarkeria ez erabiltzeko agindua zuten eta. Herenegun liskarretan hildako gazteen inguruan ikerketa abiatuko duela azaldu zuen atzo Hamad bin Isa al Khalifaerregeak, baina hark esandakoak herritarrak sutan jarri ditu, Mohamed al Maskati Bahraingo gazteen ordezkariak esan duenez. Gazteak kalean izango dira euren egoera aldatu arte Al Maskatik aurreratu duenez, eta erregea bera kargutik kentzeko eskatzen dute. 40 urte daramatza boterean.

Yemenen, ikasleak

Tunisiaren ostean hasi ziren Yemengo herritarrak borrokan, eta egun batzuetako barealdia izan ostean, azken bost egunetan borrokaldia etaerrepresioa bizi dituzte. Liskarrek gazte baten hilketa eta beste baten egoera larria utzi zituzten herenegun, eta atzo bertan, beste bi hildako eragin zituzten Poliziaren tiroek Adenen, eta 20 bat zauritu.

Sanako unibertsitatean ere tentsio handia izan zen. Oposizioaren aldeko 500 manifestari elkartu ziren, eta aurrez-aurre jarri zitzaizkien Gobernuaren aldeko 300 bat lagun. Hortxe geratu ziren kopuruak Poliziak unibertsitatea itxi zuelako kanpoko jendetza sartzea oztopatuz. Ali Abdala Saleri gobernua uzteko oihukatu zioten atzo ikasleek. Agintaria ez dago horretarako, baina aldaketak iragarri ditu giroa baretzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.