Libian Errusiako mertzenarioak daudela baieztatu du NBEk

Nazioarteko ikuskatzaileek uste dute Wagner enpresako 800 eta 1.200 kide artean daudela

Emakume bat, 'Putin, gerra kriminala' dioen kartel batekin, Berlinen, artxiboko argazki batean. HAYOUNG JEON / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Orain arte zurrumurrua zena egiaztatu ahal izan dute Libiaren aurkako zigorren jarraipena egiteaz arduratzen den NBE Nazio Batuen Erakundeko batzordeko ikuskatzaileek. Oraindik plazaratu ez den txosten baten arabera, egoitza Errusian duen Wagner enpresako 800 eta 1.200 mertzenario artean daude Libian, Khalifa Haftarren indarrei laguntzen. 57 orriko txostenaren arabera, 2018tik daude Libian Wagnerreko kideak, «ibilgailu militarrak konpontzeko laguntza teknikoa emateko eta operazio militarretan parte hartzeko».

Uste da Wagnerrek beste hainbat gatazkatan ere parte hartu duela; besteak beste, Sirian eta Ukrainan. Baina orain arte ez dute horren frogarik aurkitu. Libiaren kasuan ere lehen aldia da ikuskatzaile independenteek mertzenarioen esku hartzea baieztatzen dutena. Zenbait iturriren arabera, Jevgeni Prigozhin enpresaria da Wagnerren jabea. Errusiako presidente Vladimir Putinen gertukoa da Prigozhin, eta, oposizioak salatu izan duenez, Moskuk gatazketan esku hartzeko baliatzen ditu haren mertzenarioak. Putinek, baina, ukatu egin du halakorik, eta nabarmendu Libian dauden herritar errusiarrak ez direla Moskuren ordezkariak.

Dokumentuak jasotzen duenez, hainbat jatorritako milizianoak daude enpresa horrek bidalitakoen artean, tartean Bielorrusia, Moldavia, Serbia eta Ukrainakoak. Ikuskatzaileen arabera, 2018ko abuztutik 2019ko abuztura bitartean aireko zibilek hogei hegaldi baino gehiago egin zituzten Errusia eta Libia ekialdearen artean. «Wagnerrekedo haren gertuko enpresek antolatu zituzten bidaia guztiak». Bildutako datuen arabera, Wagnerreko 122 militar daude edo egon dira gutxienez tarte horretan Libian, eta horietatik 39 frankotiratzaileak ziren.

Nazioarteko indarren talka

Errusiakoak ez dira NBEko ikuskatzaileek baieztatutako mertzenario bakarrak; txostenean jasotzen denez, tartean badira Siriakoak ere. Azken horiek Turkiak, Italiak eta Qatarrek babesten duten Tripoliko gobernuaren alde ariko lirateke. Gobernu hori hori da Nazio Batuen Erakundeak aitortua.

Aldiz,Khalifa Haftarren aldeko jarrera agertu dute Egiptok, Errusiak, Frantziak, Jordaniak, Arabiar Emirerri Batuek eta beste hainbat estatu arabiarrek. Azken horren kontrolpean dago herrialdearen ekialdea, eta bertan dauden petrolio eta gas putzuak.

Haftarrek duela urtebete abiatu zuen Tripoli bereganatzeko «azken operazioa», baina ez du helburua lortu, besteak beste, Turkiaren indarrek eta haren esanetara dauden miliziek Batasun Nazionaleko Gobernuari emandako laguntzari esker. Bien bitartean, Tripoliko hiritarrek bonbapean jarraitzen dute. Herenegun bederatzi zibil hil ziren Haftarren indarren erasoen ondorioz.

Asteartean, Tripoliko gobernuak elkarrizketarako deia egin zien alde guztiei. Fayez al-Serraj gobernuburua prest agertu zen «bakea lortzera bideratutako edozein egitasmo» onartzeko. Al-Serrajek uko egin dio orain arte Haftarrekin zuzeneko elkarrizketak hasteari, akordioak urratu dituela argudiatuta. 2016an Haftar eta Al-Serrajen arteko borrokak hasi zirenetik, akordioa lortzeko ahaleginetan aritu dira bitartekariak, eta lortzear izan ziren duela bi urte, baina elkarrizketek porrot egin zuten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.