Bi hilabetetik gora egin ditu Misrata hiriak Muammar Gaddafiren indarren setiopean; iraultza hasi zenetik, hain zuzen ere. Borroka bortitzen ostean erreboltariek hiria «askatzea» lortu dutela jakinarazi dute. Gaddafiren indarrak erretiratu egin dira, eta hiriko kaleak oposizioaren kontrolpean daude jada.
Oposizioak Misratan atxilotutako Gaddafiren aldeko militar batek, hain justu, herenegun armadak hiritik irteteko agindua jaso zuela azaldu du. Gerora, erregimenak albistea konfirmatu du, bere indarrak Misratatik atera direla jakinarazi baitu. Khaled Kaim Atzerri ministrordeak azaldu du hiria bertako tribuen eta hiritarren esku dagoela eta horiek «indarkeriaren ala elkarrizketaren bidez» erreboltariekin moldatu beharko dutela hemendik aurrera. Inguruko tribu guztiak Gaddafiren defendatzaile sutsuak dira, hain justu.
Mendebaldeko hiririk garrantzitsuena da Misrata, eta herrialdeko hirugarrena. Mendebaldean oposizioaren esku dagoen hiri bakarra ere bada, orain. Erreboltariak gatazka hasi zenetik saiatu ziren hiria hartzen, baina Gaddafiren aldekoek gogor defendatu dute. Horretarako, nazioarteak 2008an debekatu zituen luku bonbak erabili dituztela salatu dute hainbatetan. NBEk, hain justu, luku bonben erabilera gizateriaren aurkako krimena dela jakinarazi dio aste honetan erregimenari. Era berean, Nazioarteko Justizia Auzitegia eraso guztiak ikertzen ari dela gogorarazi die Gaddafiren indarrei.
Piloturik gabeko hegazkinak
Gerraren aztarnak nabarmenak dira hirian. Kaleetan kiskalitako autoak ikus daitezke, eta eraikin ugari erdi erorita daude obusen kolpeen ondorioz. Osasun iturrien arabera, 1.000 lagunetik gora hil dira Misratan setioak iraun duen egunetan. Gehienak, gainera, zibilak izan direla adierazi dute. Horrez gain, beste 3.000 lagun inguru zauritu dituztela jakinarazi dute. Oposizioaren arabera, atzo bertan, hamabost erreboltari hil ziren azken borroketan, eta 30etik gora zauritu zituzten. Azken asteak bereziki gogorrak izan dira hiriko biztanleentzat, izan ere, elektrizitaterik, urik eta jakirik gabe egon behar izan dute luzaroan, borroka bortitzen erdian harrapatuta.
Bestalde, nazioartearen esku hartzea hasi zenetik lehen aldiz piloturik gabeko hegazkinak erabiltzen hasi dira AEBak. Pentagonoaren arabera, hegazkin horien zehaztasuna handiagoa da, eta hirietan errazago egin diezaiekete eraso helburu militarrei, zibilak hiltzeko arriskua murriztuz. NATOk, hain justu, hegazkin gehiago eskatu zituen iragan astean Gaddafiren aurka eraso eraginkorragoak egin ahal izateko. Erregimenak, berriz, gogor kritikatu duhegazkin horien erabilpena; Kaim Atzerri ministrordeak gaineratu du gizateriaren aurkako krimentzat hartu daitekeela.
NATOk atzo Tripoli hiriburua bonbardatu zuela jakinarazi du, bestalde, Libiako Gobernuak, eta erasoan hiru lagun hil dituztela. Gaddafiren egoitzatik gertu dagoen aparkaleku bat izan zen, hain justu, bonbardaketa horien jomuga.
Protestak herrialde arabiarretan
Libian Misrata hiria «askatzea» lortu dute erreboltariek
Bi hilabetetik gora iraun duen setioan mila lagun inguru hil direla jakinarazi dute; zibilak dira horietako gehienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu