Migratzaileak

Libiara bidean da 'Ocean Viking' erreskate ontzia

Zortzi hilabete geldirik egon ostean, salbamendu ontzi berria dute Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterraneoa erakundeek. Atzo irten zen Marseillako portutik, eta hurrengo astean helduko da Libiara. Mediterraneoan dabilen erreskate ontzirik handiena da.

'Ocean Viking' ontzia, Libiara bidean. SOS MEDITERRANEOA
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 5a
11:26
Entzun

Aski ezagun egin dira Sea Watch 3, OpenArms, AlanKurdi eta Alex itsasontziak. Ez dira edonolakoak: erreskate ontziak dira guztiak. Mediterraneoan noraezean dauden migratzaileak erreskatatu eta portu seguru batean lehorreratzea dute helburu. Orain, jardun horretara batuko da OceanViking itsasontzia ere.

Atzo irten zen Marseillako portutik, eta hurrengo astean helduko da Libiara. Itsasontziak bandera norvegiarra darama, eta berrehun pertsona garraiatzeko lekua du. Oraintxe bertan Mediterraneoan zehar dabilen erreskate ontzirik handiena da: abiadura handiko lau salbamendu txalupa eta mediku kontsulta bat ditu; zinez beharrezkoak, aintzat hartuta Mediterraneoko ibilbidea dela biderik arriskutsuena Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik ihes egiten duten migratzaileentzat; SOS Mediterraneoa erakundearen arabera, Libiatik Europara bidean abiatu ziren 426 migratzaile hil dira itsasoan urtea hasi zenetik.

Zortzi hilabete igaro dira bi erakundeek aurreko ontziaren jarduna eten zutenetik. Ez zen, baina, hautu askea izan. Eten egin behar izan zuten egitekoa, migratzaileen erreskateen inguruan ezarri ziren neurri eta zigorrak direla eta. Iragan astean iragarri zuten jarduna berrabiarazteko asmoa. Italiak eta Maltak portuak itxi ondoren utzi zioten migratzaileak erreskatatzeari; orain, ordea, berriz ere hastea erabaki dute, "Europako Batasunaren gelditasuna eta Libiako egoera larria" direla eta.

Open Arms, portu bila

Lau egun. Horiek daramatza OpenArms ontziak noraezean, portu seguru batean lehorreratzeko baimen baten zain. Iragan ostiralean bigarren salbamendu bat egin ondoren, beste 69 migratzaile erreskatatu zituen ontziak –aurreko egunean 55 erreskatatu zituen–. Orain, 121 migratzaile daude leku seguru batean porturatzeko esperoan; izan ere, hiru emakume ebakuatu egin behar izan zituzten: horietako bi, haurdun.

Espainiak, Italiak eta Maltak izkin egin ondoren, Italiako Lampedusa uhartearen inguruan dago ontzia orain. Lehorreratzeko baimena lortzeko bidean, askotariko erreakzioak eragin ditu erreskate ontziak non porturatu ez edukitzeak. Mehatxuak eta ezezkoak batetik, elkartasun mezuak bestetik; azken horien adierazle da Change.org plataforman hasi duten sinadura bilketa arrakastatsua.

Guztira, 33.000 herritarrek galdegin dute 121 migratzaileak daramatzan ontzia Espainian lehorreratzea. Hori jakinarazi diote Espainiako Gobernuari, gaur goizean hasi duten sinadura bilketa handian: "Espainiak portu seguru bat eskain dezake. Bestela, Europako Batasunarekin bitartekari lanak egin behar lituzke, Italian edo Maltan portu seguru bat eskain diezaieten lortzeko." Hala, minutuz minutu gora doa sinatzaile kopurua, agintarien jarrera gaitzestea helburu duen adierazpen bat oinarri. Honela dio idatziak: "Open Arms salbatzen ari diren bizitzak kondenatzen ari dira agintariak".

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak esan du prest dagoela 121 migratzaileak hartzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, migratzaileak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban banatzeko prest dago Eusko Jaurlaritza. Lurraldez lurraldeko banaketa hori pupulazioaren, errentaren eta langabezian araberakoa izango litzateke. Hori, baina, Espainiako Gobernuak erabaki beharko du. Bitartean, migratzaileek ziurgabetasunez beteriko egun batzuk igaro behar dituzte, leku seguru batean lehorreratzeko baimena emango dien keinu humanitario baten esperoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.