Libia

Libiarako su-etena eta armen bahiketa adostu dituzte Berlinen

Afrika iparraldeko herrialdeko gobernuak eta matxinoek Nazio Batuen Erakundeak proposaturiko puntuak hitzartu dituzte.

Berlinen asteburuan bilduriko agintariak, Angela Merkel buru. SERGEI GUNEYEV / SPUTNIK / KREML
2020ko urtarrilaren 20a
09:49
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak Libian sostengatzen duen gobernua, haren nazioarteko aliatuak eta matxinoak Berlinen bildu dira asteburuan, herrialdeak pairatzen duen egoera konpontzeko bideak aztertzeko. NBEk proposaturiko su etena eta armen bahiketa adostu dute. Berlinen bilduriko nazioarteko agintariek Libiako gatazka zibilean «ez nahastea» erabaki dutela esan zuten atzo. Besteak beste, Alemaniako lehen ministro Angela Merkel, Erresuma Batuko Boris Johnson, Errusiako presidente Vladimir Putin, Turkiako Recep Tayyip Erdogan eta Frantziako Emmanuel Macron zeuden tartean.

NBEk sostengatzen duen gobernuaren eta Khalifa Haftar buruzagi militarraren ordezkariak Berlinen egon ziren atzo, eta, nazioarteko buruzagiekin bildu baziren ere, ez zuten zuzenean hitz egin.

Hitzartutako agiriak hainbat puntu ditu. Lehena su-etenaren ingurukoa da: bi aldeei eskatzen die horretarako urrats «sinesgarriak» egiteko, eta miliziak zein talde armatuak «desegiteko». Batzorde teknikoak osatuko dituzte horretan laguntzeko eta gainbegiratzeko.

Arma bahiketa betearazteko konpromisoa hartu dute bi aldeek, hori bortxatzen dutenak salatzeko eta neurria indarrean jartzen dela ziurtatzeko kontrol saioak babesteko.

Negoziazio politikoei berriz ekitea erabaki zuten atzo. Herrialdea gobernatzeko aginte bakarra sortzea, eta presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskunde «libre, sinesgarriak eta bidezkoak» egitea adostu zuten.

Alde guztiei giza eskubideak aintzat hartzeko eskatu diete agirian; besteak beste, zibilak babesteko. Europara heldu nahian herrialdean harrapatuta geratu diren Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera nabarmendu dute agirian.

Islamisten aurka indarrak batzeko eskatzen die hitzarmenak bi aldeei.

Libiaren petrolioa Libiarena dela aldarrikatzen du agiriak. Horri esker lorturiko dirua «bidezko moduan banatzeko» eskatzen du.

Miliziak sakabanatzea adostu dute aldeek. Libiako Estatuak indarraren monopolioa berreskuratu behar duela ebatzi dute.

Berlinen hasitako bake prozesua NBEren babespean egin behar dela adostu dute. Horretan Libiaren batasuna errespetatu behar dela, haren lurraldearen osotasuna eta burujabetza.

Diplomazia eta elkarrizketa eskatzen ditu agiriak. «Ezin da konponbide militarrik egon Libiarentzat».

Anabasaren arriskuak nabarmentzen ditu itunak: bi aldeek salatu dute gobernurik ezak talde islamisten ekinbidea eta gizakien trafikatzaileen zigorgabetasuna errazten dituela.

Ikusketa batzorde bat eratuko dute aldeek, ituna betetzen dela ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.