«Libiarengatik hiltzeko prest nago». Muammar Gaddafik amore emateko inolako asmorik ez duela argi utzi du. Telebistaz emandako hitzaldian, haserre eta batzuetan oihuka, koronela hagitz gogor mintzatu da manifestarien, nazioartearen eta atzerriko hedabideen aurka. Ukatu egin du orain artean indarkeria erabiltzeko agindurik eman duela, baina aurrerantzean egiteko asmoa adierazi du. Bere aldekoei— «Gaddafi maite dutenei»— kalera irteteko eta protestariei «beren kabietan eraso egiteko» eskatu die. «Libia etxez etxe garbituko» dutela agindu du Gaddafik eta gogor mehatxatu bere aurkakoak: «Herrialdearen aurka armekin altxatzen direnek heriotza zigorra jasoko dute».
Protestak hasi zirenetik lehen hitzaldi publikoa egiteko Tripoliko toki sinbolikoa hautatu du Gaddafik: 1986an AEBen bonbardaketek suntsitutako jauregia. Hain zuzen ere, Washington egin du oraingo egoeraren errudun. «Irak, Afganistan eta Somalia suntsitu dituzten berberak dira orain Libian sartu direnak». AEBen «okupazioaren» eta gerra zibilaren arriskuak haizatu ditu ditu buruzagiak, bere erregimena Libian egonkortasuna mantendu dezakeen alternatiba bakarra dela erakusteko asmoz.
Hitzaldiaren zati handi bat manifestariei sinesgarritasuna ukatzeko erabili du. «Drogatuta» dauden gazteak direla erran du, baina ez direla «errudunak». Gaddafiren arabera, manifestarien artean gazteei «droga eta dirua» banatzen ari den jende «gaiztoa» dago. Bere ustez, libiarrak «askeak» dira, «boterea herriaren esku» dagoelako. Horregatik, konstituzio berria eratzearen aurka «deus ere ez» duela dio. Hala ere, alderaketa aski adierazgarria egin du: «Txinako batasuna garrantzitsuagoa zen Tiananmen plazako jendea baino».
Gaddafiren hitzaldiaren ondotik, baina, Barne ministro eta armadako general Abdul Fata Junisek dimisioa aurkeztu du. Horrekin batera, armadari dei egin dio herriaren eta haren eskakizunekin bat egiteko. Protestak hasi zirenetik, dimisioa eman duen Libiako Gobernuko bigarren ministroa da Junis —aitzinekoa Justizia ministro Abdul Jalil Mustafa izan zen—.
Ekialdea oposizioaren esku
Libiako Gobernuak ezarritako informazio blokeoak bere horretan dirau, baina hainbat testigantzek indarkeria egoeraren larritasunaren berri eman dute. Bi fronte nagusi bereiz daitezke: alde batetik, Tripoli, eta, bertzetik, herrialdearen ekialdea.
Tripolin errepresio bortitzaren berri eman dute. Gaddafiren hitzaldia bukatu bezain pronto erdigunean tiroketak egon direla iragarri du Al Jazeerak. FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioaren arabera, berriz, protestetan hildakoentzako gorputegi bat sortu dute ospitale nagusiaren ondoan, eta 450 hilotz inguru pilatu dituzte bertan. FIDHen eta Al Jazeeraren arabera, armadak hegazkinak eta helikopteroak erabili ditu berriz ere zibilen aurka jotzeko. Afrikatik ekarritako mertzenarioak ere manifestariei tiroka ibili dira.
Ekialdean, oposizioak kontrolpean hartu du Egiptorekiko muga, han berriemaileak sartzea lortu duten nazioarteko hedabide batzuen arabera. CNNko Ben Wedemanen arabera, oposizioko taldeak «herri komiteak» eratu dituzte, Gaddafiren aldeko agintariak bidali ondoren «nolabaiteko ordena» mantentzeko.
«Erresistentziako lider» batek adierazi du armadaren zati handi batek oposizioarekin bat egin duela Libiako ekialdean, CNNko kazetariaren arabera. Eskualdeko hirietan Gaddafiren aldeko «ehunka» Saharaz hegoaldeko mertzenario «hil edo harrapatu» dituztela azaldu du Wedemanek. Kazetariak dio Gaddafiren aldekoak ekialdea berreskuratzen saiatuko direla uste dutela «oposizioko liderrek», eta horregatik karriketan armatutako jendea dutela zaintza lanetan.
Protestak herrialde arabiarretan
«Libiarengatik hiltzeko prest» dagoela ohartarazi du Gaddafik
Protestan ari direnei «beren kabietan» eraso egiteko eskatu die bere aldekoei, eta «Libia etxez etxe garbituko» dutela agindu duBarne ministroak dimisioa eman du eta herriarekin batzeko eskatu dio armadari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu