"Kalkuluen arabera, itotakoak 90 direla uste dugu, baina oraindik egiaztatzeko dago tragedia horretan zenbat jende hil den", adierazi du Olivia Headon IOM Munduko Migrazioen Erakundeko bozeramaileak Tunisen. Iturri horren arabera, ontzia goizean hondoratu da Libiako kosta parean, Europaranzko bidean. Bizirik atera diren lagunek erreskate taldeei erran diete ontzian zihoazen gehienak Pakistango herritarrak zirela.
Hildako kopurua egiaztatuz gero, urtea hasi denetik gertatutako hondoratze larriena litzateke. Hala ere, iragan hilean hondoratze anitz eta handiak gertatu ziren Mediterraneoan. Urtarrilaren 6an gutxienez 64 lagun hil ziren hondoratze batean, IOMek jakinarazi zuenez. Nigeriako herritarrak ziren gehienak. 2017ko urtarrilean 254 errefuxiatu hil ziren Mediterraneoa gurutzatzeko ahaleginean, eta IOMen datuen arabera, kopuru hori handiagoa izan da 2018 hasieran.